Sei festa egunekin datoz amabirjinak Zestoara

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 27a, 09:49

Herritarrak plazan, iazko txupinazoaren ekitaldian. (Aitziber Arzallus)

Gazte Eguna eta jubilatuei eskainitako ekintzak izango dituzte asteburu honetan. Irailaren 6an, ostirala, botako dute txupinazoa herriko soziedadeetako ordezkariek; eta irailaren 9an, Umeen Egunarekin, bukatuko dituzte aurtengo jaiak.

Herriko jaiak ospatuz egingo diote aurre aurten ere Zestoan udaren azken txanpari. Atzo hasi ziren egitaraua etxez etxe banatzen, eta horrekin batera jakinarazi zuen udalak egitarauaren edukia bera; Iraia Korta Altuna da aurtengo argitalpenaren azalaren egilea.

Sei egunekoak izango dira aurten amabirjinak eta bi asteburu hartuko dituzte. Hain zuzen ere, datorren larunbateko Gazte Eguna izango da aurten ere udako festetako egun beteenetakoa; besteak beste, XXXVII. Ondarbasora Igoera txirrindularitza proba herrikoa jokatuko dute goizean, Antton ao pobo - Etxera herri ekimenak antolatutako herri bazkaria egingo dute plazan, eta arratsaldetik goizalderaino ondo hornitutako musika eskaintza aurkituko dute Zestoako kaleetan elkartzen direnek. Larunbatean gazteak, eta igandean herriko zaharrenak izango dira amabirjinen atariko asteburuko protagonistak aurten ere: Angela Makazaga Barrutia eta Ignazio Aizpurua Manzisidor omenduko dituzte aurten erguerdiko ekitaldian, eta 85 urtetik gorako zestoar guztiei egingo diete aitortza ekitaldi berean. Herri kirol erakustaldiarekin eta Arineketan musika ikuskizunarekin borobilduko dute jardunaldia, arratsaldean.

Txupinazoa, berriz, irailaren 6ko eguerdian botako dute aurten, datorren asteko ostiralean. "Herriaren sustapen soziokulturalean egindako ekarpena, eta aurten gehienek urteurren borobila betetzen dutela kontuan hartuta", herriko soziedade edo elkarte gastronomikoetako ordezkariak igoko dira aurten udaletxeko balkoira, festen hasierako suziria piztera. Ostiralean egingo dute aurtengo lehen zekorketa ere –bigarrena eta azkena, igandean–, eta ordu berean (18:00), Gurea Kultura egitasmoaren barruan antolatutako lehen kontzertuak egingo dituzte estazio zaharraren atarian. Gauean, Laranjadi plazan kontzertuak eta Gurutzeaga pilotalekuan esku pilotako profesionalen partidak izango dituzte txupinazoaren eguna bukatzeko.

Larunbatean, ohi dutenez, kuadrillak nagusi izango dira, paella lehiaketarekin, ondorengo bazkariarekin eta jolasekin. Ama Birjina eguna igandean egokitu da aurten; goizeko diana, meza eta udal ordezkarien dantzaurrearen ondoren, arratsaldean zekorketa, bandaren kalejira eta Gurea Kulturaren kontzertuak ez dira faltako, eta Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako XXV. Txapelketa ere egingo dute, Zubiaurreko zelaian. Umeentzako ekintzek eta ikuskizunek egunero izango dute tartea amabirjinetan, baina bereziki jaien azken egunean. Astelehenean, irailak 9, izango da Umeen Eguna, eta horrekin agurtuko dituzte aurtengo festak. Zahagi dantzariek ez dute hutsik egingo festaren azken txanpan, baina aurten suzko zezena izango da azken ekitaldia, gauean.

Sei egunetan, zuzeneko musikak pisu berezia izango du aurten ere Zestoako amabirjinetan. Nakar, Pinpilinpussies, Viva Belgrado, Ke Lepo eta Pelax ariko dira estazio zaharrean Gurea Kulturak antolatutako kontzertuetan; Laranjadin, gauez, besteak beste, Goxua’n Salsa, Bengo, Bad Sound System, Bake faltsua eta Delirium Tremens; eta horiekin batera, hainbat DJ, txaranga, elektrotxaranga eta erromeria talde.

Egitaraua

Abuztuak 31, larunbata. Gazte Eguna

  • 11:30. XXXVII. Ondarbasora Igoera. Erdikaletik Ondarbasoraino erlojupeko txirrindulari lasterketa, 16 urtetik gorakoentzat.
  • Eguerdi partean, bertso poteoa: Sustrai Colina, Aitor Bizkarra eta Bittor Altube.
  • 13:00. Ondarbasoko Igoeraren sari banaketa, Laranjadin.
  • 14:15. Herri bazkaria, plazan, Antton ao pobo - Etxera herri ekimenak antolaturik.
  • 17:00. DJ festa, kiroldegiko atarian: HGS, Costmix eta 3re.
  • 18:30. Sakatu elektrotxaranga.
  • 22:00. Goxua’n Salsa + Bengo, Laranjadi plazan. 

Irailak 1, igandea. Jubilatuen Eguna

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 12:30. Meza.
  • 13:15. Herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko zaizkie Foru plazan. Aurtengo omenduak Angela Makazaga Barrutia eta Ignazio Aizpurua Manzisidor izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie. Ekitaldia Idiakaitz txistulari taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute.
  • 14:30. Bazkaria, jubilatuen etxean.
  • 17:00. Herri kirolak, frontoi zaharrean. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Harrijasotzaileak: Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Jon Unanue Goenatxo II.a eta Jokin Eizmendi. Esataria: Joxe Angel Sarasola.
  • 19:00. Arineketan emanaldia, plazan.  

Irailak 6, ostirala

  • 12:00. "Herriaren sustapen soziokulturalean egindako ekarpena, eta aurten gehienek urteurren borobila betetzen dutela kontuan hartuta", herriko elkarte gastronomikoek botako dute txupinazoa. Ondoren, herriko banda, buruhandi, txistulari eta abarren kalejira. Kalean txaranga.
  • 12:15 – 14:15. Jolas erraldoiak frontoi zaharrean.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Lamia Mari + Pinpilinpussies + Viva Belgrado.
  • 18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Eduardo Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Eduardo Rodriguez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia).
    • Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
    • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
    • Elektrotxufla elektrotxaranga.
  • 21:00. Pilota partidak kiroldegiko frontoian.
    • Lehen partida: Egiguren V.a - Gabirondo vs. Salaberria - Erostarbe.
    • Masters Caixabank txapelketa: Altuna III.a - Iztueta vs. Ezkurdia - Albisu.
  • 22:30. Bad Sound System + Bake faltsua + Arene 6.

Irailak 7, larunbata. Kuadrillen Eguna

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:00. Nafartasunari gorazarrea. Orreaga 824, musika, dantza eta bertsoz osaturik, Laranjadi plazan.
  • 12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
  • 12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga, egunean zehar.
  • 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
  • 16:30. Jolas parkea umeentzat, 19:30ak arte.
  • 17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
  • 19:00. Ustekabe txaranga.
  • 22:30.  Delirium Tremens + DJ Salda Badago.

Irailak 8, igandea. Ama Birjina eguna

  • 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
  • 12:00-14:00. Gurpilen gaineko zirkuitua, frontoi zaharrean.
  • 12:00. Meza.
    • Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea plazan, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
  • 13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
  • 17:30. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako XXV. Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Parte hartzaileak: Asier Dacosta eta Zeru (Aretxabaleta); Iñaxio Etxeberria eta Mixx (Matxinbenta); Javier Gaztañaga eta Cool (Antzuola); Manuel Gorriti eta Turbo (Aizarnazabal); Peio Segurola eta Kay (Matxinbenta) eta Xabier Gaztañaga eta Sandy (Antzuola). Antolatzailea: Artxate elkartea.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
  • 18.00. Zirku tailerra frontoi zaharrean.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ke Lepo + Pelax.
  • 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Sergio Rollon. Ordezkoa: Miguel Angel Bernal. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo, Espainia).
    • Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
    • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
  • 20:00. Babarrunba.
  • 22:00. DeBrass + Laket, Laranjadin.

Irailak 9, astelehena. Umeen Eguna
(Umeak txuri gorriz janztera gonbidatzen ditu udalak)

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Umei "zarata ateratzeko zerbait" eramateko eskattzen diete: kazuelak, danborrak, turutak, txistuak...).
  • 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:30. Txantreako erraldoiak.
  • 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoak Txantreako erraldoiekin kalejiran kiroldegiko aterpera. Ondoren, ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
  • 16:00. Haurrentzat tailerrak.
  • 17:00. Poniak umeentzat plazan, eta zezentxoak 16 urtetik gorakoentzat.
  • 19:00. Gauargi taldearen erromeria, Laranjadin.
  • 20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
  • 21:00. Gauargi taldearen erromeria, Laranjadin.
  • 22:30. Suzko zezena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide