Bazkaria, ginkana eta beste hainbat jarduerarekin borbildu zuten atzo Umeen Eguna

Aitziber Arzallus 2024ko abuztuaren 17a

Goizean jaietako bigarren txupina botata hasi zuten amabirjinetako Umeen Eguna Aizarnan, eta ondoren, bazkaria eta ginkana egin zituzten, eta baita Adabaki taldearen ikuskizunaz eta DJ saioaz gozatu ere.

Asteazkenean lehendabiziko txupina aireratu zutenetik, festak ez du etenik Aizarnan, eta atzo, jaietako hirugarren egunean, Umeen Eguna ospatu zuten. Goizean txupinazoa botata eman zioten hasiera eguneko egitarauari, eta ondoren, jolasak egin zituzten. Eguerdi partean, berriz, umeek eta haien gurasoek elkarrekin bazkaldu zuten, eta bazkalostean, eguraldi bikaina lagun, ginkana egin zuten. Txokolatadan indarrak berreskuratu ostean, Adabaki taldeak eskainitako ikuskizuna izan zuten gozagarri, eta eguna borobiltzeko, Patx DJaren saioa izan zuten.

Gaur, larunbata, agurtuko dituzte aurtengo amabirjinak Aizarnan, eta honakoa da prestatuta duten egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 11:00. Ume eta gaztetxoen krosa.
  • 12:00. Paella prestaketa.
  • Ondoren, oilasko biltzaileen dantza plazan.
  • 15:00. Bazkaria herrikoia, paella jana.
  • Ondoren, oilasko biltzearen amaiera.
  • 23:00- 03:00. Davila DJa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide