Zentroa uzteko data berria jarri diote Zestoako Gaztetxeari: irailaren 11

Mailo Oiarzabal 2024ko abuztuaren 8a

'Gaztetxearen desalojoa gelditu!' zioen pankarta Zentroko goiko solairutik zintzilik, uztailaren 19an. (Maialen Etxaniz)

Uztailaren 19ko lehen saiakera bertan behera gelditu ondoren, datorren hilerako ezarri die epaileak bigarren data. Elizak gazteak Elizondotik kanporatzeko asmoarekin jarraitu arren eta "arrisku egoeran jarraitzen" dutela gogoratuz, "orain arteko borrokak fruituak eman" dituela azpimarratu du ZGAk, azken asteetan udalarekin izan dituen hartu-emanak aipatuta. Epaiketaren kostuei aurre egiteko antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera ere deitu dute gazte asanbladakoek.

Joan den uztailaren 19an bertan behera gelditu zen Zestoako Gaztetxearen desalojoa, baina desalojorako data berria ezarri dietela jakinarazi zuen atzo arratsaldean Zestoako Gaztea Asanbladak (ZGA): irailaren 11.

2023ko otsailetik okupatuta duten Zentroa edo Elizondo eraikina uzteko agindu berriaren data iragarri, eta horren aurrean esateko dutena zabaldu du bere sare sozialetan ZGAk. "Lehenik eta behin", uztailaren 19an eta lehen desalojo saiakera haren bueltan jasotako elkartasuna ekarri nahi izan dute gogora gazteek, eta "eskerrak eman" dizkiete egun hartan Zestoan elkartu ziren guztiei. "Garbi erakutsi genuen espazio politikoen defentsan antolakuntzak eta borrokak duten garrantzia", dio ZGAk.

Gaztetxea Elizaren jabetzakoa den Zentrora eraman zutenean piztutako gatazkari irtenbidea emateko ahaleginak direla eta, Elizaren zein Zestoako Udalaren jarrerak salatu ditu behin eta berriz ZGAk azken urte eta erdian. Uztailaren 19az gero, ordea, aldatu dira gauza batzuk. Desalojo data berriak "Elizak asanblada eraikinetik kanporatzeko asmoarekin jarraitzen" duela adierazten du, ZGAren arabera, baina udalarekin dituzten harremanetan aurrerapausoak nabaritu dituzte. "Orain arte egindako borrokak bere fruituak eman ditu. Izan ere, aste hauetan egoerari irtenbide bat emateko asmoz udalarekin elkartzea eta negoziaketa batzuk martxan jartzea lortu dugu", azaldu dute asanbladakoek.

Elkartasuna eta konpromisoa

Negoziazioak negoziazio, baina, "garbi" utzi nahi du ZGAk gaztetxeak "arrisku egoeran jarraitzen" duela, eta "ezinbestekoa" dela "epe laburrean auziari irtenbide egoki bat ematea".

Era berean, epaiketaren kostuari –6.500 euro– aurre egin behar diotela gogorarazi du Zestoako Gaztetxeak, eta dirua lortu asmoz antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera deitu du. "Gure aldetik, beste behin ere, gaztetxearen alde lanean jarraitzeko konpromisoan berresten gara", gehitu du ZGAk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide