Zestoako Gaztetxearen desalojoa gelditu dute

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 19a, 10:13

Gaur ziren Gaztetxea desalojatzekoak, baina bertan behera utzi dute agindua. Asanbladako kideen arabera, desalojoak Euskal Herri mailan izan duen oihartzunaren eta babesaren ondorioz, poliziak eta Elizak agindua atzera botatzeko eskatu dute. Asanbladakoek "borrokak merezi" izan duela esan dute. Zestoako alkateak, bere aldetik, GUKAri azaldu dio "gatazkari aterabidea emateko" negoziaketak hasita daudela, eta udala auzian inplikatutako alde guztiekin harremanetan dagoela.

Gaurko, uztailak 19, zegoen iragarrita Zestoako Gaztetxearen desalojoa, baina Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, atzera bota dute desalojo agindua. 10:00etan egin dute hitzartzea Gaztetxe barrutik, eta azaldu dute “hilabete luzetako borrokari esker” lortu dutela desalojoa bertan behera gelditzea. “Denbora honetan guztian Euskal Herri osotik iritsi zaizkigun elkartasun keinu eta ekimenengatik, eta borrokak hartu duen garrantzia ikusita, polizia eta Eliza ez dira gai ikusi antolakuntzaren bitartez sortutako elkartasun indar honi aurre egiteko, eta horregatik, desalojo data atzera botatzea eskatu diote epaitegiari”, azaldu dute asanbladako kideek.

08:00etarako zegoen iragarrita Zestoako Gaztetxearen desalojoa, eta 07:00etarako ehunka lagun zegoen plazan, gaztetxea defendatzeko pronto. Zestoan igaro dute gaua gazte gehienek, eta plazan bertan gosaldu dute. 08:00ak jota, ez da poliziarik agertu. Gazte asanbladako kideek 09:30ak aldera jakin dute poliziak eta Elizak atzera bota dutela desalojo agindua, epaitegien bidez. 

Hori dela eta, esan dute “borrokak merezi” izan duela, eta gaztetxearen aldeko borrokan bidelagun izan dituzten talde, eragile eta norbanakoei eskerrak eman dizkiete: “Eskerrak eman nahi dizkizuegu eraren batera edo bestera babesa adierazi eta borroka honi oihartzuna eman diezuen guzti-guztioi". Bereziki nabarmendu dute zestoarren babesa, Euskal Herri osoko gaztetxe eta gazte asanbladena eta Defentsa Komunitatearena.

Halaber, atzotik Zestoara bertaratu diren gazteei eskerrak eman dizkiete gaztetxeko balkoitik: "Gazte Asanbladatik benetan eskerrak eman nahi dizkizuegu atzotik herrian lotan geratu zaretenoi, baita gaur goizean goiz gaztetxea defendatzera etorri zaretenoi ere; eta gaztetxearen aldeko konpromiso irmoan berresten gara. Zuei esker dago oraindik gaztetxea bizirik". Dozenaka izan dira gaztetxea defendatzera Zestoara bertaratu direnak, eskualdeko herrietatik nahiz Euskal Herriko beste hainbat txokotatik. 

Gaztetxearen aldeko borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute behin baino gehiagotan, eta horren karietara udalari eta Elizari hitz egitera esertzeko deia luzatu diete: "Azken hilabeteetako indar antolatuak prozesuan inplikatuta dauden eragileen posizioa mugiarazi du, bereziki azken asteetan, eta borrokaren fruituak geroz eta nabarmenagoak izaten ari dira. Horregatik, udalari eta Elizari hitz egitera esertzeko deia luzatzen diegu, behingoz egoerari aterabide bat emateko", azaldu dute.

Proposamenak eta negoziaketak

Gaurko deialdiak utzitakoen ondotik, GUKA harremanetan jarri da Zestoako Udalarekin; izan ere, gazte asanbladak deia luzatu die udalari eta Elizari. Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu duenez, "gatazkari aterabidea emateko" negoziaketak martxan daude dagoeneko. Hain zuzen, Arregik adierazi du, udala harremanetan dagoela auzian parte hartzen duten alde eta eragile guztiekin –tartean, Elizarekin eta gazteekin–, eta zentzu horretan, negoziaketak zabalik eta martxan daudela jakinarazi du.

Elkartasuna gainerako espazioekin

Zestoako Gaztetxeko kideek gogoan izan dituzte desalojo arriskuan dauden espazioak nahiz atzo Bilbon desalojatu zuten Aresti Zentro Sozialista: "Honek garbi erakutsi digu gainontzeko espazio politikoen defentsa ere soilik antolakuntzaren bitartez eman daitekeela. Horregatik, inoiz baino indartsuago, Zestoako Gazte Asanblada espazio hauen hedapenean bidelagun izango duzue. Bide honetan, doakiela elkartasunik handiena atzo Bilboko Zentro Sozialista desalojatu zieten kideei eta baita ere desalojo arriskuan dauden beste gaztetxeetako kideei".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide