Maia Ossa: "Dantza lasai egiteko espazio bat sortu nahi dut"

Intza Trula 2024ko uzt. 12a, 10:24

Maia Ossa DJa. (Utzitakoa)

Parrandazale guztiak dantzan jartzeko asmoz igoko da eszenatokira Maia Ossa Arroabeko karmenetan. Uztailaren 20an, larunbatez, pintxatuko du arroarrak, Sukena eta Tapia eta Leturia Band taldeen ostean.

Maia Ossa (Arroabea, 1991) DJ arroarrak emanaldia eskainiko du karmenetako Kuadrillen Egunean, hilaren 20an. "Oso dantzagarriak" diren reggaetoi zaharrek zein berriek osatzen dute Ossaren errepertorioa, eta guztiak animatu ditu gerriak mugitzera.

Zergatik reggaetoia?

Jendeak badu reggaetoiarekiko aurreiritzi bat; ospe txarra dauka, orokorrean. Nire ustez, ordea, dantza oso modu askatzailean egiteko eta disfrutatzeko aukera ematen du, eta hori da nire saioetan erakutsi nahi dudana.

Mundu zabala da reggaetoiarena. Zein estilo jorratzen duzu zuk?

2000. hamarkadako abestiak pintxatzen ditut, baita Neoperreo estilokoak ere; oso dantzagarriak guztiak. Neoperreoa azken denborako reggaetoi estilo bat da, emakume eta genero disidenteko artista askok egiten dutena. Bi estilo horiekin jolasten dut gehienbat, baina beste hainbat entzun daitezke nire emanaldietan. Pintxatzen dudan musikak harrera ona du, bereziki, LGTBI+ komunitatean.

Zer da lortu nahi duzuna?

Jendeak dantza gustura egiteko espazio bat sortu nahi dut. Izan ere, parrandan dantza lasai egiteko esparru baten falta sumatzen nuelako hasi nintzen pintxatzen eta, beraz, nik jai giroan nahiko nukeen espazio bat sortzen dudala esan daiteke. Leku eroso bat, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide