Zestoako festetako paella lehiaketan parte hartzeko izen ematea ireki dute

Nerea Uranga 2024ko uzt. 8a, 11:58

Amabirjinetako paella lehiaketa une bat.

Amabirjinetako paella lehiaketa irailaren 7an egingo dute, eta aurten paella lehiaketa nahiz bazkaria antolatzeko prozeduran aldaketa batzuk txertatu dituzte. Uztailaren 17ra artean eman dezakete izena kuadrillek, eta epe horretatik kanpo ez dute talderik onartuko.

Zestoako jaietako paella lehiaketan (irailak 7, larunbata) parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute, eta adierazi du Zestoako Udalak aurtengo paella lehiaketa nahiz bazkaria antolatzeko prozedurak aldaketa batzuk izango dituela. "Orain arte, lehenengo bilera bat egiten zen eta ezinbestekoa zen paellan parte hartu nahi zuten taldeak bertara joatea eta apuntatzea. Lehen bilera hartan , zozketa egiten zen paellaren antolaketa lanez arduratuko ziren sei talde aukeratzeko. Aurten, beste era batera egitea proposatzen da, eta helburua da lehen bileran jada antolaketa lanak martxan jartzea".

Honakoak dira aurtengo Zestoako festetako paella lehiaketan parte hartzeko jarri dituzten irizpideak. Lehenik eta behin, paella lehiaketan parte hartu nahi dute taldeek edota kuadrillek gaurtik uztailaren 17ra (13:00) arteko epea izango dute izena emateko, eta epe horretan izena ematen ez duten talderik ez dute onartuko. Izena Zestoako Udaleko Kultura Sailaren telefonoan (688 73 56 52) whatsapp bidez eman behar da. Iaz “Paella 2023” Whatsapp taldean zeuden kuadrillek bertan eman dezakete izena, gainontzekoek, berriz, aurrez azaldutako telefono zenbakira idatzita. Izena emateko garaian nahitaez honako datuak eman beharko dira: kuadrillaren izena, arduradunaren izena eta telefono zenbakia (Whatsappeko zenbakia bera ez bada).

Uztailaren 17an (asteazkena) paella lehiaketara izena emandakoen zerrenda argitaratuko du udalak, 13:00etatik aurrera, “Paella 2024” whatsapp taldean.

Uztailaren 18an (osteguna), 12:00etan, zozketa egingo dute Kultur Etxean. Zozketan horretan Zestoako Udaleko zinegotzi batek eta kultura teknikariak parte hartuko dute, eta nahi dutenek jarraitu ahal izateko aukera izango dute.

Ondoren, paella lehiaketaren antolaketan lanean hasiko dira zozketan ateratako sei kuadrillak eta gainontzeko kuadrillak edota taldeak bilera orokor batera deituko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide