Ezohiko plazan, ezohiko orduan eta ez hain ohiko ikus-entzuleen aurrean aritu da gaur Janus Lester Zestoan. Izan ere, Jokin Pinatxo buru duen taldearekin estreinatu dute Ertzetara, "egungo musika eta kultur eskaintza ertzetako pertsonentzako eta kolektiboentzako irisgarriago" bihurtzeko helburuarekin Zestoako Udalak sortu duen kultur ekintzen egitasmoa. San Juanen eman du kontzertua Janus Lesterrek, ermitaren aurreko plazan eta adinekoen egoitzaren barrenean; hain zuzen, bereziki egoiliarrekin pentsatutako emanaldia izan da gaurkoa.
Ekainaren 23rako iragarrita zegoen Janus Lesterren emanaldia, baina eguraldi iragarpena tarteko, atzeratu egin zuten ordukoa. Gaur, eguzki betean aritu dira musikariak, eta plazaren bueltan, ertzetan, zeuden itzalguneetan pilatu dira ikus-entzule gehienak. Ogitartekoak eta edatekoa nahi zutenek ere izan dute horiek eskuratzeko aukera, eta giro politarekin joan da musika emanaldia.