"Oposizioa existituko ez balitz bezala" gobernatzea egotzi dio Zestoako EAJk EH Bilduri

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 1a, 17:43

2023ko ekaineko udalbatzarraren artxiboko irudia. (Maialen Etxaniz)

Udal agintaldiaren lehen urtearen balantzea eginez oharra plazaratu dute jeltzaleek. "Oposizio eraikitzailea egitea erabaki" dutela diote, "herriaren ongizatea guztiaren gainetik dagoela uste dugulako".

2023-2027 udal agintaldiko lehen urtearen balantzea eginez oharra plazaratu du Zestoako EAJk. Beste zenbait konturen artean, agintaldiko lehen urtea beteta, "ondorio nagusia" atera dute jeltzaleek: alkateak eta EH Bilduren udal gobernuak "aurreko lau urteetan erakutsitako jarrera bera" mantentzen dutela. "Oposizioa existituko ez balitz bezala gobernatzen jarraitzen dute, ez ikusiarena egiten dute azken udal hauteskundeetan Eusko Alderdi Jeltzaleari botoa eman zioten zestoarren borondateari", diote EAJkoek.

Hala ere, "oposizio eraikitzailea egitea erabaki" duela nabarmendu du jeltzaleen udal taldeak, "herriaren ongizatea guztiaren gainetik dagoela uste dugulako". Horren erakusletzat jarri dute gehiengo osoarekin gobernuan den EH Bildurekin 2024ko aurrekontuak onartzeko akordioa lortu izana. Aurrekontu horretan jasota dauden EAJren proposamenak zerrendatu dituzte: auzoetako autobus geralekuak osatzea eta egokitzea, Iraotik Arroagoirako bidearen irisgarritasuna, Gizakia Helburu proiektuarekin hitzarmena berreskuratzea, Azpeititik Zestoarako bidegorriaren seinaletika eta irisgarritasuna hobetzea... Urtearen erdira iritsita, "lursailen digitalizazioa eta bideo-akten zerbitzua baino ez" daudela "bideratuta" azaldu dute. "Akordioa sinatuta dago eta, geratzen den urte erdian gainerako ekimenak gauzatzea espero dugu", adierazi dute jeltzaleek.

631 errepidearen proiektua eta herriko mugikortasuna hobetzeko aldundiarekin sinatutako hitzarmena dela eta, bere hauteskunde programan jasotako proposamena zela gogoratu eta "pozik" agertu da EAJ, "proiektua aurrera doalako". Aldiz, "deitoratu" egin du EH Bilduren udal gobernuak "udal aldizkariaz egiten duen erabilera alderdikoia. Oposizioko talde bakarra kritiko agertu da, era berean, alkateak Gaztetxearen aferan izandako jokaerarengatik; kontu horretan "udal teknikariek esandakoari jaramonik ez egitea" leporatu diote Arregiri, hori "herriarentzat kaltegarria" dela iritzita. "Kultur azpiegitura faltak eta kaleetako zikinkeriak ere kezkatzen" ditu jeltzaleak.

Bukatzeko, agintaldiko lehen urtearen balantzea oposizioan aritzearen "erantzukizunetik" eta "eraikitzeko asmoz" egin dutela adierazi dute EAJren udal ordezkariek: "Zestoarekiko –bere auzoekin– eta herritar guztiekiko dugun erabateko konpromisoa berresten dugu; eta lanean jarraituko dugu, herriaren alde eta beharrei heltzeko gure onena ematen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide