Istripua izan da Arroa eta Iraeta artean, eta pertsona bat hil eta beste bost zauritu dira

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 25a, 17:27

Istrupua izan den gunea. (Twitter)

Arroatik Iraetara arteko tunelaren irteeran, Zestoarako norabidean, gertatu da ezbeharra, autokarabana baten eta auto baten artean, 16:50ean. Ezbeharraren ondorioz, 95 urteko emakume bat hil da. Beste bost pertsona ere zauritu dira, eta horietako hiru Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte.

Auto baten eta autokarabana baten arteko istripua izan da 16:50ean, GI-631 errepidean, Arroatik Iraetara arteko tunelaren irteeran, Zestoarako norabidean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharraren ondorioz, 95 urteko emakume bat hil da; autoan zihoan hildako emakumea. Horrez gain, beste bost lagun zauritu dira ezbeharrean, eta horietako hiru Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte.

Istripuaren ondorioz errepidea itxita egon da, baina 18:45etik zabalik dago. Istripuaren tokira bertaratu dira hiru anbulantzia, Osakidetzaren helikopteroa, suhiltzaileak, ertzainak eta errepideen mantentze lanez arduratzen diren beharginak.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripua zerk eragin duen argitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide