Aizarna eta Bidezarra lotzen dituen errepidea asfaltatzeko lanak hasiko dituzte bihar

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 25a, 16:55

Aizarnako plaza, artxiboko irudian. (Zestoako Udala)

"Fase desberdinetan" egingo dituzte lanak eta, "eguraldiak laguntzen badu" ostiral iluntzerako bukatuko dituztela aurreikusi du Zestoako Udalak. Bide mozketak eragingo dituzte lanek, eta udalak moztuko dituzten tarteen eta horien ordez erabili beharrekoen berri emango du.

Aizarna, Lorbidea, Ezenarrobidea, Akoabidea eta Bidezarra kalea lotzen dituen errepideko hainbat zati asfaltatzeko lanak hasiko dituzte bihar, eta bide mozketak eragingo dituzte lanok.

Zestoako Udalak gaur eman du horren berri bere sare sozialetan. Horrela, udalak jakinarazi du "fase desberdinetan" egingo dituztela lanak eta, "eguraldiak laguntzen badu", hiru egunetan egingo dituzte; ostiral iluntzerako bukatuko dituztela aurreikusi du erakundeak. Aipatu bideko "gune batzuetan" botako dute asfalto berria. Horrela, asfaltatu behar duten tartearen arabera joango dira bidea ibilgailuentzat mozten; moztuko dituzten tarteen eta horien ordez erabili ahal izango direnen berri ematen joango dela aurreratu du udalak. Datozen hiru egunetako bide mozketak, beti ere, 08:30etik 18:00etara egingo dituzte. Ordutegi horretatik kanpo, bidea "normaltasunez" erabili ahal izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide