Badoaz aurrera Zestoa-Urepele egitasmoaren barruko ekintzak, eta asteburu honetan hitzordu garrantzitsua hartuko du Zestoak. Hain zuzen, Urepele Eguna ospatuko dute larunbatez. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte zapaturako hala nola, Ibilaldi Neurtua, Urepeleko eta Zestoako ekoizleen artisauen azoka, herri bazkaria eta kantaldia.
Zestoako Udalak gogorarazi du bihar, ekainak 12, izango dela bazkarirako txartelak eskuratzeko azken eguna. Hori dela eta, jakinarazi du oraindik sarrerak eskuragarri daudela Portal kultur elkartean, 15 eurotan.
Hona hemen Urepele Egunaren egitaraua:
- 08:00. Zestoako 22. Ibilaldi Neurtua. 15 kilometroko ibilbidea izango du, eta aurrez izena eman behar da herrikrosa.eus webgunean. Izen ematea 15 euro da, eta partaideek kamiseta bana jasoko dute opari.
- 10:00. Txistularien diana.
- 11:00. Urepeldarren etorrera.
- 11:00-13:00. Urepeleko eta Zestoako ekoizleen eta artisauen azoka.
- 12:00. Klika txaranga kaleetan zehar.
- 14:30. Herri bazkaria plazan, bertsolariekin. Bazkarirako txartelak Portalen daude salgai, 15 eurotan. (Datorren astean jarriko dituzte saltzen).
- Bazkal ondoren, kantaldia plazan.
- 18:00. Urepeldarren itzulera.
Ekintza gehiago, hurrengo astean
Egunik potoloena Urepele Eguna izango den arren, beste hainbat ekintza ere egingo dituzte hurrengo astean. Asteazkenean, hilak 19, Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaren aurkezpen mahai ingurua egingo dute, 19:00etan hasita, Kultur Etxean. Pako Aristi idazlea eta Xabier Amuriza bertsolaria ariko dira solasean, eta Jon Artanok egingo ditu moderatzaile lanak.
Ekainaren 29an, larunbatez, borobilduko dute aurtengorako prestatu duten egitaraua. Labaien eta Belate mendi ibilaldia egingo dute, Zestoatik Urepelerako etapen barruan. 07:30ean dute jarrita hitzordua, Gurutzean.