Udaren atarian eta ikasturtea agurtzeko eskaintzen duen jaialdia izan ohi da Itxaropena dantza taldearen urteko ekitaldi nagusia, baita Zestoako kiroldegiko harmailak betetzen dituen ikuskizun bakanetakoa ere, eta aurten ez da bestela izan.
Atzo gauean ospatu zuen Itxaropenak bere urteroko hitzordu kutuna, eta harrera beroa egin zioten berriz ere herritarrek. Ikasle gazteenek eta helduen taldekoek bat egin zuten kiroldegiko pilotalekuko kantxan, Aitor Furundarena, Garikoitz Mendizabal, Jon Mendizabal, Nerea Mendizabal eta Agurtzane Auzmendi musikarien laguntzarekin. Itxaropena izena eman diote aurtengo jaialdiari eta, hain zuzen ere, dantza taldearen ibilbidearen bilduma bat eskaini zuten atzokoan, hainbat koreografia eguneratuta.
Xabier Bidezabal zuzendariak hartu zuen hitza hasieran, eta bukaeran ere bai, taldekideek oparitu zioten txapel gorria soinean jarrita.