Ekain kobazuloa aurkitu zuteneko 55. urtemuga ospatuko dute larunbatean

Nerea Uranga 2024ko eka. 6a, 17:00

Antxieta arkeologi taldeko Rafael Rezabalek eta Andoni Albizurik aurkitu zituzten Ekain kobazuloko margoak 1969ko ekainean.

Ekainberrik egitarau berezia prestatu du, besteak beste bisita gidatuak egingo dituzte eta Ekain muinora irteera egingo dute Zestoako gazteekin, Agirokoekin elkarlanean.

Ekainaren 8an, larunbatean, 55 urte beteko dira Azpeitiko Antxieta arkeologi taldeko Rafael Rezabalek eta Andoni Albizurik Ekain kobazuloan orain dela 13.000-14.000 urte inguruko gizakiek egindako margoak aurkitu zituztela; 1969ko ekainean egin zuten aurkikuntza. Kobazuloak 70 animalia irudi kontserbatzen ditu, eta 2008ko uztailean Unescok Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen.

Aurkikuntzaren urteurrena ospatzeko bisita gidatu bereziak eta Zestoako gazteentzako irteera bat prestatu ditu Ekainberrik.

Bisitak larunbatean 12:00etan (euskaraz) eta 16:00etan (gazteleraz) izango dira. Bisita horietan parte hartzen dutenei Ekain kobaren aurkikuntza nola gertatu zen azalduko diete, baita ondorengo ikerketen inguruko datuak eta aurkitutako margoen garrantzia ere. "Bisitariak Ekain kobazuloan margoak aurkitu zituzten bi protagonisten paperean sartuko dira, eta kobazuloaren erreplikako argiak itzali egingo dituhu, eta bisitariek soinean eramango duten argiaren laguntzaz ikusi beharko dituzte margoak", azaldu dute Ekainberrikoek.

Bihar ostirala, berriz, Ekain muinorako igoeran parte hartuko dute Zestoako 15 urteko hemezortzi gaztek, Agiro mendizale taldekoekin. Bigarrengo urtez egingo dute irteera hau, eta Ekain muinorako igoera korrika egin beharko dute gazteek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide