Zentroko epaiketaren prozesu-kostuei aurre egiteko ekimenak iragarri ditu Zestoako Gaztetxeak

Mailo Oiarzabal 2024ko maiatzaren 30a

Epaituei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, urtarrilaren 24an, Azpeitiko Epaitegien aurrean. (Iraia Oteiza)

6.500 euro ordaintzeko eskaera jaso dute, Elizondo eraikinaren okupazioaren auzian urtarrilean egin eta Elizaren aldeko epaia izan zuen epaiketaren ondorioz. "Prozesuak aurrera jarraitzen duela eta desalojoa gerturatzen doala" esan nahi du prozesu-kostuen ordainketa eskariak, gazte asanbladakoen ustez. "Eraikinari bizitza ematen eta berau defendatzen" jarraituko dutela diote.

Elizondo eraikina "berehala uztera" kondenatu zituen epaiketaren prozesu-kostuengatik ordaindu beharrekoa iritsi zaie Zestoako Gazte Asanbladakoe (ZGA)i: 6.500 euro. Joan den urtarrilaren 24an ZGAko bi kide epaitu zituzten Azpeitian, Elizaren jabetzakoa den Elizondo edo Zentroko eraikinaren okupazioarekin lotuta; okupatutako eraikin hori da Zestoako Gaztetxearen egoitza 2023ko otsailaz geroztik. Epaiketa egin eta bi egunera eman zuen epaia Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak.

Gaur, epaiketa haren kalte ordainak iritsi zaizkiela jakinarazi dute ZGAkoek eta "kolpe ekonomikoen aurrean gaztetxea defendatuko" dutela adierazi dute. "Prozesuak aurrera jarraitzen duela eta desalojoa gerturatzen doala" esan nahi du prozesu-kostuen ordainketa eskariak, gazte asanbladakoen ustez. Gotzaindegiak "oraingoz" desalojorako exekuzio eskaerarik ez duela gauzatu jakinarazi dute gazteek; prozesuak aurrera egin ahala, ordea, desalojoa ez ezik, "kolpe ekonomiko gehiago etor daitezkeela" uste dute.

Udalari deia, berriro

Zentroko eraikinaren gatazka hasi zenetik beste hainbatetan bezala, Eliza eta Zestoako Udala kritikatu ditu ZGAk. Konponbiderako borondate eza leporatzen die gazte asanbladak erakundeoi, eta "etorriko denaren erantzule" izango direla ere bai: "Azken bi hilabetetan, Elizarekin kontaktatzeko hainbat saiakera egin ditugu, desalojoa gelditzeko eta negoziatzeko eskatuz behin eta berriz. Haiek, ordea, ez dute gurekin hitz egiteko inongo borondaterik erakutsi, eta norbaitekin negoziatzekotan, udalarekin izan beharko zukeela azpimarratu ziguten. Gure aldetik, beraz, Elizari beste behin prozesua gelditzea exijitzeaz gain, udalari auzi honetan duen erantzukizuna hartzeko eta bere eskura dituen tresnak erabiltzeko eskatzen diogu, Eliza negoziatzera bultzatuz. Hori egin ezean, eta egoera honek berdin jarraitzen duen bitartean, garbi gera dadila udala ere etorriko denaren erantzule izango dela". Elizari, gainera, "interes espekulatiboen" arabera jokatzea egotzi dio berriro ZGAk, "Zestoako herriari zein bertako gazteei benetako ekarpen bat egiten dion eraikina berriz hustu" nahi izateagatik; bide batez erakunde horren "izaera erreakzionarioa" salatu nahi izan dute gazteek.

"Zestoako Gaztetxea behingoz bakean uztea" eskatu du ZGAk. "Kolpe ekonomikoen aurrean" ez dutela atzera egingo eta ""eraikinari bizitza ematen eta berau defendatzen" jarraituko dutela adierazi dute gazte asanbladakoek, eta prozesu-kostuak ordaintzen laguntzeko dei egin dute. Helburu horrekin, oraindik zehaztu ez dituzten hainbat ekimen iragarri dituzte datozen asteetarako, eta horietan parte hartzera deitu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide