Epaiak Elizondo eraikina "berehala uztera" kondenatu ditu Zestoako Gazte Asanbladako kideak

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 26a, 12:00

Elizondo eraikina, kanpotik. (Utzitakoa)

Elizondo eraikinaren "jabetza berreskuratzeko eskubidea" aitortu dio Azpeitiko Epaitegiak Elizari. Gazteek Elizondo ez uztekotan, "bota" egingo dituztela dio epaiak. Sententzia ez da irmoa. Asanbladako kideek ez dute adierazpenik egingo, "oraingoz".  Asteazkenean epaitu zituzten gazteak Azpeitiko epaitegian. 

Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak "baietsi" egin du Zestoako Parrokiak Zestoako Gazte Asanbladako bi kideei  eta "gainerako ezezagunen" aurkako demanda. Epaiak "Elizak eraikin horren jabetza berreskuratzeko eskubidea" duela aitortu du , eta demandatuak kondenatu ditu "higiezina berehala uztera eta auzi-jartzaileari entregatzera"; bestela, ohartarazten die, eraikinetik "bota" egingo dituztela.

Dena den, sententzia ez da irmoa, eta Gipuzkoako Auzitegian errekurtsoa aurkez daiteke haren aurka. Epai horren arabera, "demandatuek ez dute kontuan hartu behar edo sustatu behar auzigai den finkaren gaineko parrokiaren eskubideen nahasmendua eragin dezakeen edozein jokabide, aktiboa edo pasiboa, zuzena edo zeharkakoa".

Asteazkenean epaitu zituzten Zestoako Gazte Asanbladako kideak Azpeitiko epaitegian. 70.000 eurorainoko isuna jaso dezakete. Asanbladako kideek izan dute epaiaren berri, baina "oraingoz" adierazpenik ez dutela egingo jakinarazi dute. Auziak utz ditzakeen kalte ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdia antolatu dute gaurko, Defentsa Komunitatearekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide