GI-631 errepidearen bulebarizazio proiektua martxan jartzeko azken pausoak onartu ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 17a, 12:21

Udaleko eta GFAko ordezkariek argazkia atera zuten elkarrekin udalbatzarraren bukaeran. (Mailo Oiarzanal)

Proiektua egikaritzeko eta finantziatzeko udalaren eta aldundiaren arteko hitzarmena zein plegu administratiboak eta teknikoak onartu zituzten atzoko ezohiko udalbatzarrean, Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatua bertan zela. Lanak irailean hastea eta zortzi hilabetez luzatzea aurreikusten dute.

Zestoari "beste arnaskera bat" emango dion trafikoaren eta hirigintza antolamenduaren proiektua martxan jartzeko azkenaurreko pausoa eman zuten atzo, Zestoako Udalaren ezohiko osoko bilkuran. "GI-631 errepidean trafikoa baretzeko eta sarbideak antolatzeko proiektua" deritzona egikaritzeko eta finantziatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) eta udalak berak egindako hitzarmena zein proiektu horren plegu administratiboak eta teknikoak aho batez onartu zituzten udalbatzarrean.

Atzo udalak onetsitako hitzarmena GFAk onetsi behar du orain, eta bigarren onespen hori datorren asteartean eta Zestoan bertan gertatuko da. Izan ere, Mikel Arregi alkateak atzoko bilkuran aurreratu zuenez, GFAk Zestoan egingo du maiatzaren 20ko Gobernu Kontseilua, eta bertan onartuko dute Zestoako herrigune parean igarotzen den tartean GI-631 errepidea bulebarizatzeko proiektua gauzatzeko hitzarmena. Proiektuaren gaineko "xehetasun guztiak" orduan azalduko dituzte, Arregiren esanetan. Baina asteartean gauzatuko denaren aurrekari gisa, eta bi erakundeek egitasmo horren inguruan lortutako adostasunaren erakusgarri gisa, gonbidatu bereziak izan zituzten udal ordezkariek atzoko ezohiko bilkuran: Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatua eta Mikel Uribetxeberria, sail bereko zuzendaria.

GFAk ere hitzarmena onartu ondoren emango dituzten azalpen osatuagoen zain, eta martxoko udalbatzarrean aurrekontuaren lehen kreditu aldaketa onartu zutenean aurreratu bezala, Zestoa zeharkatzen duen errepidea berrantolatzeko lanak datorren irailean hastea aurreikusten dutela berretsi zuen atzo Arregik; eta, ondo bidean, zortzi hilabetetan bukatzea. 1,6 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek.

Adostasuna

Udal gobernua, oposizioa eta diputatua bat etorri ziren atzo GI-631 errepidearen bulebarizazioa ekarriko duen proiektua zein hori gauzatzeko egindako lana goraipatzerakoan. Aurreko agintaldian ontzen hasitako proiektua da aurten errealitate bihurtzen hasiko dena, eta herriarentzat duen garrantzia eta zestoarren bizi kalitateari egingo dion ekarpena nabarmentzeaz gain, bi erakundee adostasuna lortzeko egindako bidea "lankidetza eredu" izan beharko litzatekeela adierazi zuen alkateak; proiektua "herritarrentzat ona eta beharrezkoa" dela esan zuen Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak, eta hitzarmenarekin "pozik" azaldu zen; eta Ubarretxena ere "pozik" agertu zen, bi erakundeen artean egon den "sintonia ona" eta egindako lana azpimarratu zituen, eta proiektua "zestoarrentzat onuragarria" izango dela gaineratu.

Etxebizitza eraikinetan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzea ahalbidetuko duen ordenantza ere hizpide izatekoa zuten atzoko udalbatzarrean, baina gai hori datorren ohiko osoko bilkurarako uztea erabaki zuten, azkenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide