Kiroldegiko frontoiaren berrinaugurazioaren harira zenbait ekitaldi antolatu ditu Zestoako Udalak

Intza Trula 2024ko mai. 14a, 17:00

Zestoako kiroldegia. (Danbolin)

Mahai inguruaz eta pilota partidez gozatzeko aukera izango dute datorren astean Zestoan. Pilota partidak bertatik bertara ikusi nahi dituztenek dagoeneko eskuragarri dituzte sarrerak.

Kiroldegiko pilotalekuaren berrinaugurazioaren harira mahai ingurua eta zenbait pilota partida antolatu ditu Zestoako Udalak datorren asterako. Izan ere, kiroldegiko kantxa itxita egon da denbora batez, hura berritzeko egiten ari ziren zenbait lan medio. 

Hala, maiatzaren 22an, asteazkenez, Euskal pilota garai berrietara egokitzen izenburupean mahai ingurua egingo dute, 19:00etan, Kultur Etxeko aretoan. Iera Agirre pilotari leitzarrak, Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak eta Oinatz Bengoetxea pilotari leitzarrak hartuko dute parte bertan. Moderatzaile lanetan, berriz, Kepa Iribar kazetaria arituko da.

Maiatzaren 25ean, larunbatez, Emakumeen Udaberri Torneoko bertso pilota saioa izango da kiroldegiko pilotalekuan, 18:30ean. Bertan arituko dira, Aldaregia pilotariarekin batera Eguzkiloreak taldea osatuz, Naroa Agirre arroarra eta Oihana Orbegozo azpetiarra. Eguzkiloreak Mitxoletak taldearen (Iturriaga, Ruiz de Larramendi eta Mendiburu) aurka arituko da. Partidan zehar Nerea Elustondo eta Maialen Akizu bertsolariek jardungo dute bertsotan. Sarrerak bost euroan daude salgai Zestoako Turismo Bulegoan –haurrek doan sartu ahal izango dute–. Halaber, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da.

Azkenik, maiatzaren 26an, igandean, buruz buruko txapelketa nagusiko hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte, 17:15ean hasita. Horrez aparte, binakako partida ere jokatuko dute: Jakak eta Imazek Etxeberriaren eta Zabaletaren aurka jokatuko dute norgehiagoka. Sarrerak aurrez erosi nahi dituztenek 615 76 89 80 telefono zenbakira deitu behar dute. Halere, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide