Zestoarren botoak eskatu ditu EH Bilduk

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 13a, 08:43

Itziar Murua hizketan atzo, Zestoan, Maialen eta Aimar Etxeberria atzean zituela. (Mailo OIarzabal)

Itziar Muruak eta Aimar Etxeberriak hartu zuten hitza atzo arratsaldeko hauteskunde kanpainako ekitaldian. Ezkerreko koalizioak Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde programan jaso dituen proposamen nagusiak errepasatu, eta apirilaren 21ean "aldaketa" gauzatzeko beharra eta "ilusioa" aldarrikatu zituzten.

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina Zestoara iritsi zen atzo, EH Bilduren eskutik. Itziar Murua zarauztarra, Gipuzkoako hautagai zerrendako hirugarrena; eta Aimar Etxeberria zestoarra, EH Bilduren kanpo harremanetako taldekidea, izan ziren Maialen Etxeberriak aurkeztutako ekitaldian hitza hartu zutenak. Ekitaldia Laranjadi plazan egingo zutela iragarrita zegoen, baina handik metro gutxira egin zuten azkenean, Erdikalearen barrenean; ondorengo mokadutxoa, hori bai, Laranjadin prestatutako mahaien bueltan egin zuten.

Ezker abertzalea aspalditik aldarrikatzen ari den ziklo politikoaren aldaketa bihar zortziko hauteskundeetan inoiz baino argiago islatuko dela iradokitzen dute inkestek, baina hori horrela izateko "boto guztiak" beharrezkoak izango direla ekarri zuten gogora atzoko ekitaldian EH Bilduren ordezkariek, apirilaren 21eko bozetan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz.

Aldaketa da orain da, hain zuzen ere, EH Bilduk hauteskunde hauetarako hautatu duen lelo nagusia, eta aldaketa horren beharra zein aldaketarako "ilusioa" azpimarratu zituen Murua hautagaiak. Bildukideen artean ez ezik, herriz herri egiten ari diren ekitaldietan ilusio hori "sumatzen" ari direla esan zuen zarauztarrak; bide batez, Zestoan zein beste hainbat herritan kanpainako ekitaldiak antolatzen laguntzen ari diren herritar guztien lana eskertu zuten EH Bilduren ordezkariak.

EH Bilduk hauteskundeotara aurkeztu duen programaren puntu eta proposamen nagusiak aipatu zituen Muruak atzo. Burujabetzaren ardatzetik, Osakidetza "indartzeko" proposatzen dituzten neurriak, zaintza sistemaren eraldaketa eta etxebizitza politika aipatu zituen, besteak beste, arlo bakoitzean Zestoako errealitateari aipamena eginez. EH Bildu gobernuan dagoen erakundeetan, hala nola Zestoako Udalean, "politika egiteko beste modu bat" badela erakusten ari direla esan zuen Muruak, eredu hori Eusko Jaurlaritzarako ere aldarrikatuz.

EH Bilduren kanpaina ekitaldira joan ziren herritarrak. (Mailo Oiarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide