23. Korrika

Korrika Txikia egingo dute Aizarnan eta Arroabean

Iraia Oteiza 2024ko mar. 13a, 15:39

Bihar, osteguna, egingo dute Korrika Txikia Aizarnan; aldiz, ostiralean egingo dute Arroabean.

Ordu gutxi baino ez dira falta 23. Korrikari hasiera emateko. Bihar bertan hasiko da Irunen (Gipuzkoa) eta Baionan amaituko da. Zestoara martxoaren 20ko goizaldean iritsiko da euskararen aldeko lasterketa, 04:00ak inguruan, baina aurrez, Korrika Txikiak egingo dituzte herriko zenbait auzotan.

Bihar, osteguna, egingo dute Korrika Txikia Aizarnan, 15:00etan hasita. Arroabean, berriz, ostiralerako antolatu dute Korrika eguna. Arratsalde hasieran ikastetxeko haurrek hasiko dute festa, eta Korrika Txikia egingo dute auzoko kaleetan zehar. 17:00etan Korrikaren inguruko jolas eta eskulanak egiteko aukera izango dute Barbantxo aisialdi taldearen eskutik, eta amaitzeko, Ederki elkartekoek antolatutako talo jana egingo dute 18:30ean.

Zestoan datorren asteartean, martxoaren 19an, egingo dute Korrika Txikia, 15:30ean abiatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide