Inauteriak 2024

Eguraldi petralari aurre eginez, inauterien etorrera iragarri dute kaldereroek Zestoan

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 8a, 18:10

Eguraldi eskasagatik, pentsatutakoa baino ibilbide motzagoa egin dute kaldereroz jantzita atera diren Ertxina musika eskolako ikasleek. Bihar arratsean, Inauteri asteko lehen mozorro festa egingo dute udaletxeko arkupeetan, Ekain guraso elkarteak antolatuta; eta larunbata izango da inauterietako egun handia.

Gaur, Ostegun Gizen, 17:30ean Kultur Etxe parean zuten hitzordua jarrita Ertxina musika eskolako ikasleek, kaldereroz jantzita eta inauterien etorrera iragarriz kalejira egiteko. Ordua jotzerako abiatu dira badaezpada, ordurako harro zebilen haizeari eta aurreneko euri tantei aurre eginez. Pentsatuta zuten ibilbidea moldatzea eta motzagoa egitea erabaki dute hasterako, eguraldiaren iragarpen eskasa ikusita, baina, hala eta guztiz ere, berehala harrapatu ditu euriak. Dena dela, horrek ez ditu gelditu, eta herrian osteratxoa egin dute ahal izan duten moduan inauterien etorrera iragarriz.

Bihar arratsean, Inauteri asteko lehen mozorro festa egingo dute udaletxeko arkupeetan, Ekain guraso elkarteak antolatuta. Larunbatean, eguerdian herriko batukada taldeak jarriko du festa giroa kalean. Arratsaldean, berriz, umeen eta gaztetxoen txanda izango da, Gaztelekuak antolatutako mozorro desfilearekin. Gaueko festari, berriz, La Fulana DJ-ak jarriko dio musika, afal aurretik zein ondoren, udaletxe azpian.

Hona hemen datozen egunetako jai hitzorduak:

Otsailaren 9a, ostirala

  • 18:00. Mozorro festa, udaletxeko arkupeetan, Ekain guraso elkarteak antolatuta.

Otsailaren 10a, larunbata

  • 12:30-14:00. Zestoako Batukada.
  • 17:30. Umeen desfilerako izen ematea, udaletxeko arkupeetan.
  • 18:00. Umeen mozorro desfilea, udaletxeko arkupeetan, Gaztelekuak antolatuta.
  • 19:30. La Fulana DJ-a, udaletxeko arkupeetan.
  • 22:30. La Fulana DJ-a.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide