Eskualdeko herri gehienetan bezala, Zestoan aurten ere larunbata izango dute inauterietako egun nagusia, helduak zein umeak mozorrotzeko egun seinalatua, baina ostegunetik hasiko da herria inauteriz janzten.
Izan ere, Ostegun Gizen arratsean irtengo dira kalejiran Ertxina musika eskolakoak, kaldereroz jantzita eta inauterien etorrera iragarriz; besteak beste, adinekoen herriko bi egoitzetara joango dira musika eskolakoak. Ostiral arratsean, berriz, Inauteri asteko lehen mozorro festa egingo dute udaletxeko arkupeetan, Ekain guraso elkarteak antolatuta.
Larunbatean, eguerdian herriko batukada taldeak jarriko du festa giroa kalean. Arratsaldean, berriz, umeen eta gaztetxoen txanda izango da, Gaztelekuak antolatutako mozorro desfilearekin. Gaueko festari, berriz, La Fulana DJ-ak jarriko dio musika, afal aurretik zein ondoren, udaletxe azpian.
Hona hemen datozen egunetako jai hitzorduak:
Otsailaren 8a, osteguna
- 17:30. Kaldereroen kalejira, Ertxina musika eskolakoen eskutik.
Otsailaren 9a, ostirala
- 18:00. Mozorro festa, udaletxeko arkupeetan, Ekain guraso elkarteak antolatuta.
Otsailaren 10a, larunbata
- 12:30-14:00. Zestoako Batukada.
- 17:30. Umeen desfilerako izen ematea, udaletxeko arkupeetan.
- 18:00. Umeen mozorro desfilea, udaletxeko arkupeetan, Gaztelekuak antolatuta.
- 19:30. La Fulana DJ-a, udaletxeko arkupeetan.
- 22:30. La Fulana DJ-a.