Azagaien muntaketaren erakustaldia egingo dute Ekainberrin igandean, 12:00etan hasita. Jose Julian Marquez adituak gidatutako erakustaldia izango da. Hain zuzen, Marquez bera da, Ekain Fundazioarekin batera, martxoaren 31ra arte egongo den Ekainberriko Ehizarako Artea erakusketaren arduraduna.
Azagaia arma jaurtigarri eta arina da, eskuarekin zein bultzagailu baten laguntzaz jaurtitzen dena. Gehienbat Europako Goi Paleolitiko garaian erabiltzen zen tresnetako bat da, Historiaurrean erabilitako arma zaharrenetarikoa. Erakusketan, bultzagailuen hemeretzi erreplika erakutsiko dituzte.
Erakustaldira bertaratzeko izena ematea beharrezkoa izango da 943-86 88 11 zenbakira deituta edo info@ekainberri.com helbidera idatzita. Sarrera doakoa izango da museoko tiketarekin, edukiera bete arte.