Elizak bere jabetzakoa duen Elizondo eraikina berreskuratzeko eskubidea duela ebatzi du, behin-behinean, Azpeitiko Epaitegiak, eta eraikina "berehala uzteko eta jabeari entregatzeko" agindu die Zestoako Gazte Asanbladako kideei, bestela "bota" egingo dituztela ohartarazita. Zestoako Gazte Asanbladak eta Defentsa Komunitateak irmo gaitzetsi dute epailearen erabakia, eta Gaztetxearen aldeko borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute. Horren erakusgarri, astelehen eguerdian, 12:00etan, Donostiako Gotzaindegira joango dira azken asteotan bildu dituzten apostasia eskaerak entregatzera. Ondoren, aurrera begirako asmoak azaltzeko prentsaurrekoa emango dute han bertan.
Asteazkenean epaitu zituzten asanbladako bi kide usurpazio delitua egotzita, eta atzo kaleratu zuten Elizari arrazoia ematen dion epaia. Dena den, sententzia ez da irmoa, eta Gipuzkoako Auzitegian errekurtsoa aurkez dezakete haren aurka. Eraikina uztera behartuak izateaz gain, 70.000 eurorainoko isuna jaso dezakete demandatutako kideek.