Beñat Telleriak irabazi du Errota Harria harrijasotze txapelketa

Maialen Etxaniz 2024ko urtarrilaren 22a

Errota Harriaren txapelketa, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren barruko jardunaldia, Emakumeen Banakako Harrijasotzaile Txapelketaren barruko jardunaldia eta Gazteen Banakako Aizkolari Txapelketaren barruko jardunaldia izan ziren Iraetako Txiki pilotalekuan.

Santa Ines egunaren barruan, herri kirolak izan ziren protagonistak atzo arratsaldean Iraetan. Hain zuzen, Errota Harriaren txapelketa, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren barruko jardunaldia, Emakumeen Banakako Harrijasotzaile Txapelketaren barruko jardunaldia eta Gazteen Banakako Aizkolari Txapelketaren barruko jardunaldia izan ziren Iraetako Txiki pilotalekuan, 17:30ean hasita. 

Aurten, Beñat Telleria nagusitu da Errota Harriaren txapelketan. Gari Garmendia Garmendia II, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno aritu ziren lehian, nor baino nor. Hain zuzen ere, 107,2 kiloko bola 28 aldiz jaso zuen hark hiru minutuko txandan. Haren atzetik sailkatu ziren Garmendia II (27altxaldi), Xabat Olaizola (24 altxaldi) eta Inhar Urruzuno (24 altxaldi).

Emakumeen Banakako Harrijasotzaile Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zuten Lierni Osak eta Maddi Gesalagak. Hiru lan egin behar izan zituzten horiek, harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta bolarekin. Osak 54 jasoalditan 3.402 kilo jaso zituen. Gelasagak, bere aldetik, 51 jasoalditan 3.213 kilo altxatu zituen. 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren barruko hirugarren jardunaldian, Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal, Julen Gabirondoren eta Xabier Zalduaren aurka lehiatu ziren . Bikote bakoitzak bost lan egin behar izan zituen, eta guztira, hogei enbor ebaki. Ezpeletak eta Basozabalek 17 minutu eta 35 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko. Gabirondok eta Zalduak, berriz, 19 minutu eta 36 segundo. 

Gazteen Banakako Aizkolari Txapelketan, Kimetz Alzolak, Kimetz Oinederra Aittolak, Igoin Pikabeak eta Jon Zalduak neurtu zituzten abileziak. Txapelketaren barruko hirugarren jardunaldia izan zen atzokoa, eta finalaurrekoetarako txartelak zeuden jokoan. Ibon Pikabeak eta Kimetz Oñederrak lortu zuten sariketan aurrera egitea, lanak 2 minutu eta 45 segundotan amaituta. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide