Euskal Herriko Defentsa Komunitateak eta Zestoako Gazte Asanbladak "Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena" egiten ari direla jakinarazi dute. Atzo egin zuten agerraldia Zestoako parrokiaren aurrean, abenduan abiatu zuten apostasia kolektiboaren kanpainaren orain arteko emaitzen berri emateko. Hain zuzen, 700 apostasia eskaera baino gehiago bildu dituzte Gipuzkoan, eta Defentsa Komunitatearen hitzetan, "erregistratua dagoen apostasia kolektiborik handiena da Euskal Herrian". Bi eragile deitzaileek azaldu dutenez, apostasiaren kanpainak helburu argia du: "Zestoako Gaztetxearen desalojoa gelditzea eta Eliza negoziatzera esertzea".
Euskal Herriko hamarnaka espaziok osatzen dute Defentsa Komunitatea, tartean Azpeitiko Gaztetxeak eta Azkoitiko Gazte Asanbladak. Azken asteotan Gipuzkoako hainbat txokotan jarri dituzte mahaiak apostasiaren aldeko kanpainarekin bat eginez, "Zestoako Gaztetxearen egoeraren berri emateko nahiz Zestoako desalojoa gelditzea exijitzeko sinadurak biltzeko". Era berean, apostasiaren kanpainaren barruan, Gipuzkoako Gotzaindegiari "presio deiak" egiten ari direla jakinarazi du Defentsa Komunitateak, "Gaztetxearen aurkako desalojoarekiko kontrakotasuna adierazteko eta desalojoa bertan behera uztera bultzatzeko".
Zestoako Gaztetxeko kideen aurkako epaiketa urtarrilaren 24an izango da Azpeitiko epaitegian, eta ordura arte apostasia kolektiboaren kanpainarekin jarraituko dutela azpimarratu dute Zestoako Gaztetxeko kideek zein Defentsa Komunitatea osatzen duten espaziotako kideek.
Protestarako deia, bihar Donostian
Apostasia kolektiboaren kanpainaren barruan, Defentsa Komunitateak eta Zestoako Gaztetxeak kontzentrazioa deitu dute bihar arratsalderako Donostian (Gipuzkoa). Hain zuzen, Artzai Onaren Katedralaren aurrean mobilizatuko dira 18:00etan, Zestoako Gaztetxearen desalojoa gelditu lelopean. Bertan, "Elizaren jarrera" salatuko dute eta asteetan Gipuzkoan jaso dituzten apostasia sinadura guztiak aurkeztuko dituzte. Era berean, apostasia eskariak jasotzeko postua jarriko dutela aurreratu dute deitzaileek.
Elizondo eraikinaren auziaren harira, hilaren 24an epaituko dituzte Zestoako Gazte Asanbladako bi kide. Horren harira, gaztetxeko kide Enetz Izeta eta Amaiur Gartzia elkarrizketatu zituen hedabide honek. Ikusi elkarrizketa, hemen.