Giro ederrean ari dira ospatzen Zestoan Zoroperi eguna

Iraia Oteiza - Andoni Elduaien 2023ko abenduaren 26a

Eguraldia lagun, zestoarrak goizean goiz atera dira kalera. Zoroperi eguna da gaur, eta zestoarrek gogotik ospatu dute jaia. Askotariko produktuen azoka, lehiaketak eta festa giroa izan dira herrian.

Eguberri ondorena ere festan ari dira ospatzen gaur Zestoan; izan ere, abenduaren 26ak ohi bezala Zoroperi eguna ekarri du hara. Goizean hasita, ekintzaz betetako jai egitarauaz ari dira gozatzen herritarrak eta hara bertaratu direnak. Goizean lehen sektoreari lotutako azoka, lehiaketak eta dastaketak egin dituzte plazaren bueltan; artisauen, taloen eta bestelakoen salmenta postuak ere jarri dituzte eta ilara luzeak ikusi dira haien bueltan.

Arratsaldean ere izango da zer gozatua Zestoan. Batetik, bertso-poteoan ibiliko dira batzuk Naia Arrizabalaga eta Aitor Mendiluze bertsolariekin; eta bestetik, Kiki, Koko eta Mokoren ikuskizuna izango dute haurrek Kultur Etxeko aretoan. Gauean, berriz, musika aukeran izango da: Obaneukek dantzarako gonbita egingo du udaletxe azpian; afal aurretik arituko dira lehendabizi eta 22:00etatik aurrera ondoren; eta Gaztetxean, saioa eskaniko du M&M DJak.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide