Festa giroa nagusi Zestoan, Zoroperi egunean

Iraia Oteiza 2023ko abenduaren 26a

Goizetik hasita jai giroa nagusitu da Zestoako kaleetan zehar. Azken urteetan ohikoa bilakatu den moduan, lehiaketak izan dira goizean, eta eguerdian egin dute sari banaketa. Arratsaldean bertso-poteoa, haurrentzako ikuskizuna eta erromeria izango dira.

Eguraldia lagun, zestoarrak goizean goiz atera dira kalera, Zoroperi egunaz gozatzera. Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasi dira zoroperiak, eta ondoren, XXXII. Barazki eta Fruta Lehiaketa, Urolako XXIV. Ezti Lehiaketa eta XXIII. Zestoako Sagardo Lehiaketa izan dira. Era berean, herritarren nahiz kanpokoen askotariko produktuekin jarritako postuak izan dira plazan eta inguruetan, herritarren gozamenerako. Trikitilarien doinuek alaitu dituzte kaleak goiz osoan zehar.

12:45ean eman dute aurtengo lehiaketen irabazleen berri. Barazki Lehiaketaren irabazlea Ezozi Etxeberria soraluzetarra izan da, eta ondoen prestatuta zegoen postuaren saria ere hark eraman du. Bigarren postuan, berriz, Karmen Etxeberria gelditu da. Fruta Lehiaketan, Jose Antonio Elosegi gabiritarrak eraman du lehen saria, eta Errezilgo Mugarrietako baserriko Andoni Aizpuruk eskuratu du bigarren postua.

Dieta, berriz, Jose Lonbide Aramaioko Ibargoiako baserrikoari eman dio epaimahaiak, ekoizleak bere produktuetan nekazaritza ekologikoarekiko erakutsi duen konpromisoarengatik. Dieta %50 igotzea erabaki dute epaimahaikideek. Errezilgo azokari ere eman diote dieta.

Ezti Lehiaketan, bestalde, Igor Odriozola zestoarrarentzat izan da lehen saria. Bigarren postuan geratu da Xabier Galarraga zarauztarra, eta Endoiako Mikel Erkiagarentzat izan da hirugarren postua.

Azkenik, Sagardo Lehiaketaren irabazleen berri eman dute. Lehen saria Lasaoko Vanesa Ugarterentzat izan da, bigarrena Arroako Igartza baserriarentzat, eta hirugarrena Arroako Larratzabal Goikoa baserriarentzat.

Arratsaldean ekintza gehiago

Lehiaketen ostean, baba jana izan da Zestoako Gaztetxean, eta 17:00etatik aurrera jarraituko du orain festak. Izan ere, ordu horretatik aurrera bertso-poteoa izango da plazan hasita, Naia Arrizabalaga eta Aitor Mendiluze bertsolariekin. Haurrentzako eta gaztetxoentzako ere izango da gozamenereako aukera, Kiki, Koko eta Moko pailazoek, Bizi-bizi zirkua ikuskizuna eskainiko baitute Kultur Etxeko aretoan, 17:30etik aurrera. Obanekue erromeri taldeak, berriz, giroa alaituko du udaletxeko arkupetan, 19:30etik afalordura arte. Iluntzean ere, musika izango da protagoista, Obanekue taldea izango baita berriro arkupetan, eta M&M DJa, Gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide