Manuel Olaizola Uztapide zestoarra eta Fernando Aire Xalbador urepeldarra (Nafarroa Beherea), bertsolari handiak ez ezik, lagun minak ere baziren. Aurten 40 urte dira Uztapide hil zela, eta 47 joan dira Xalbador hil zenetik, baina haiekin jaiotako harremanak bizi-bizirik jarraitzen du oraindik, eta horren adibide da bi bertsolarien jaioterriek, Zestoak eta Urepelek, senidetzea erabaki izana.
Hain zuzen ere, larunbatean egingo dute senidetze ekitaldi ofiziala, Zestoako udaletxean, 12:00etan hasita. Bi herrietako hainbat ordezkarik parte hartuko dute ekitaldi horretan. Aurrena, bi alkateek senidetze hitzarmena sinatuko dute; gero, Xalbadorren eta Uztapideren arteko laguntasunaren adierazgarri den bertso sorta abestuko dute; eta jarraian, ekitaldia amaitzeko, soka dantza egingo dute herriko plazan. Zestoako Udalaren hitzetan, "soka dantzaren bitartez bi herrien arteko lotura irudikatuko dugu; urepeldarrak eta zestoarrak eskuz esku elkarri lotuta plazan, dantzan".
Larunbatekoa bi herrien senidetzea ospatzeko ekitaldietako lehenengoa besterik ez da izango. Hilaren 26an, antzerako beste ekitaldi bat egingo dute, baina Urepelen; udaberrian, Urepele Eguna ospatuko dute Zestoan; eta udazkenean, Zestoa Eguna Urepelen. Dena dela, egun horien nondik norakoak zehazteko dituzte oraindik, eta hain justu, horretarako bilera egingo dute abenduaren 15ean, Alonderoko aretoan, 18:00etan hasita. Bilera irekia izango dela jakinarazi du udalak; beraz, interesa duten herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera. "Bileraren helburua aurrera begirako beste ekimenak zehazten joatea izango da, eta orduan ere herritarren parte hartzea garrantzitsua izango da".