Atzo Gazte Eguna izan bazen, gaur adinekoak izan dira protagonista Zestoan. Herriko adinekoak omendu dituzte Foru plazan, eta oroigarriak eskaini dizkiete. Aurtengoan, Esperanza Benítez Doblado eta Pedro Igarataundi Unanue izan dira omendutako zestoar adinekoenak, baina horiekin batera, herrian bizi diren 85 urtetik gorako guztiei egin diete omenaldia. Zapiak eta oroigarriak banatu dizkiete, eta Idiakaitz Txistulari Taldea eta Itxaropena dantza taldea arduratu dira ekitaldia alaitzeaz.
Omenaldiaren bigarren zatian, Lierni Osa, Maddi Gesalaga, Udane Ostolaza eta Naroa Arruti harri jasotzaileak izan dira Foru plazan.
Arratsaldean ere festak jarraipena izango du. 18:00etan Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa izango da plazan, Zestuko Trikitixa kultur elkarteak antolatuta.