Zestoa hasi da amabirjinetarako prestatzen

Maialen Etxaniz 2023ko abuztuaren 8a

Iraeta etxearen aurrean jarri dituzte lehen eserlekuak.

Zestoako plaza zezen plaza izateko bidean da. Joan zen astean hasi ziren udaleko brigadako langileak plaza amabirjinetarako prestatzen. Oraindik alde bakarra dute muntatuta. Aurten, irailaren 8an eta 10ean egingo dituzte zekorketak Zestoan. Gazte Eguna irailaren 2an izango da, eta kamisetak salgai daude jada. 

Oraindik urrun ikusten diren arren, iraileko lehen egunetan ospatuko dituzte amabirjinak Zestoan, eta herria jai egunetarako prestatzen hasi dira jada. Hain zuzen, herriko plaza zezen plaza bihurtzeko lanei ekin diete udaleko brigadako langileek. Joan zen astean hasi ziren zezen plazako eserlekuak eta barrerak altxatzen, eta oraindik plazaren zati bakarra dute egina, Iraeta etxearen parekoa. Irailaren 8an eta 10ean egingo dituzte amabirjinetako zekorketak Zestoan. Oraindik ez dute horien berri eman. 

Aurten, irailaren 7tik 10era bitartean ospatuko dituzte Amabirjin jaiak Zestoan. Irailaren 7an botako dute festei hasiera emateko txupinazoa. Irailaren 8a Amabirjin eguna izango da, eta 9a Kuadrilla Eguna. Irailaren 10ean, berriz, Umeen Eguna ospatuko dute, eta bazkaria egingo dute. Zestoako Udalak oraindik ez ditu eman festetako egitarauaren inguruko xehetasunak.

Gazteen Eguna eta jubilatuena, lehenago

Amabirjinak iraileko bigarren asteburuan ospatuko diren arren, irailaren 2an eta 3an izango da zeregina Zestoan. Irailaren 2an Gazte Eguna izango da, eta hilaren 3an Jubilatuen Eguna.

Aurten, Gazte Eguneko Ondarbasora igoera goizez egingo dute, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute. Iluntzean, Lin Ton Taun eta EH Sukarrak kontzertu bana eskainiko dute. Gazte Asanbladak salgai jarri ditu Gazte Eguneko kamisetak dagoeneko, 12 euroan. Kamiseta eskuratu nahi duenak, Erdikalean jarriko dituzten postuetan erosi edo asanbladako kideekin harremanetan jarri beharko du. 

Salgai jarri dituzte Gazte Eguneko kamisetak. (Zestoako Gazte Asanblada)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide