Gutuna

Alkateari erantzuna

Zestoako Gazte Asanblada 2023ko mai. 18a, 11:12

Elizondo eraikina. (Aitziber Arzallus)

Mikel Arregi Zestoako alkatea eta hurrengo agintaldirako EH Bilduren alkategaiak atzo HITZAn argitaratutako elkarrizketan esandakoen harira, honako gutuna kaleratu du Zestoako Gazte Asanbladak. Horrez gain, gaur arratsaldean elkartasun argazkia aterako dutela jakinarazi dute. 18:00etan herriko plazan izango da hori.

Atzo goizean, Mikel Arregi Zestoako alkatearen elkarrizketa argitaratu zuten Urola Kostako Hitzan. Bertan, Gaztetxea lekualdatzearen inguruko galdera bat egin zioten. Bada, alkateari zera otu zaio oraingoan, Estazioko eraikinera joan beharko ginatekeela esatea. "Badaude aukera batzuk (...) estazioa edo beste hainbat espazio (…)" zioen, esan ez balu bezala. Berak eta EH Bilduk badakite, ordea, eraikin horretan jendea bizi dela. Pentsa nora heldu den EH Bilduren jarrera: lehenago irudikatzen du gu leku aldatzeko etxekaleratze bat egin behar izatea, oraingo gaztetxearen auzian laguntzea baino. Hori guztia okupazioaren zilegitasuna aldarrikatzen duen elkarrizketa berean.

Gazte Asanbladak gogor salatu nahi du adierazpen hori eta publikoki horrelakorik aipatzeak berak dituen arrixkuetaz ohartarazi nahi du. Proposamen horreen aurrean jaso dezazuela gure ezezko borobilena, inoren etxebizitza gure Gaztetxea izateko espekulazioetan ez dugu parte hartuko.

Astakeria honetaz gainera, badira beste zenbait gako aipatu beharrekoak direnak. Batetik, alkatearen hipokresia salatu behar dugu. Izan ere, bera izan zen Gaztetxea kokatzeko leku egokiena zentroa zela esan eta Gaztetxeak herrigunera itzuli behar zuela argudiatu zuena. Orain berriz, inguruko herrietan bezala, Gaztetxea herrigunetik kanpo kokatzearen alde lerratu da; mugimendu politiko, sozial eta kulturalen bazterkerian beste aktore bat izan nahi du.

Alkateak esan bezala, herri guztietan ematen ari den tendentzia bat da gaztetxeak eta langile mugimenduaren edozein adierazpen herrigunetik kanporatzea. Izan ere, herri eredu kapitalistaren baitan ez dute lekurik edozelako adierazpen politikoek; herriguneak beren beregi negozioentzako erreserbaturiko espazioak bilakatzen dituzte. Hau da burgesiak duen herri eredua, hau da EAJk duen herri eredua, herrigunea negozio eta turistentzat bideratzea, langileriaren adierazpenak edo kapitalismoari ekarpenik egiten ez dion edozein ekimen berriz periferiara edo ezerezera baztertzea.

Azpimarratzeko modukoa da gainera, EH Bilduk bezala EAJk ere bat egiten duela Estazioko eraikinera lekualdatzeko asmoarekin, elkarrizketa sorta berdinean ageri den moduan. Hainbat herritan eredu horren aurkako erresistentzia herrikoiak antolatu diren arren, akritikoki jarraitzen diote eredu horri alderdi politiko instituzional guztiek, baita EH Bilduk eta Zestoako Udal Gobernuak ere, Ertxinek argi laga duen moduan.

Azkenik, argigarria deritzogu elkarrizketan honela erantzuten diola etxebizitzaren inguruko galderari: "Zestoan, gaur egun, hilabetean 900 euro ordaindu behar izatea alokairuan teilatu bat edukitzeagatik". Izan ere, testu honekin mahaigaineratu nahi dugun bezala, EH Bilduk, agintaldi osoan, gaur egun Gaztetxea den erakinagatik egin duen ekarpen bakarra alokairua eskaintza izan da, 500 euroko alokairua. Hori da beraientzat gazteen antolakuntzaren alde egitea, bestelako herri eredu bat bultzatzea eta abar. Ez elkartasun mezurik auziperatuarentzat, ez inongo bermerik ezertarako, are gutxiago sostengurik laguntzeko. Oztopoak, zangotrabak eta gure kontrako prentsa oharrak besterik ez dizkigute jarri.

Argi izan dezatela ez dugula onartuko inolaz ere Gaztetxea aurretik zegoena baino aldenduago egotea eragingo duen proposamenik. Are gutxiago, horretarako etxe kaleratze baten konplize izan behar badugu. Guzti horregatik gaur arratsaldeko 18:00etan elkartasun argazki bat aterako dugu herriko plazan. Gaztetxea Zentrora!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide