Zestoan bi mobilizaziorekin egin dute bat dozenaka herritarrek Martxoaren 8ko aldarriekin.
Arratsaldean egin dituzte biak, ordubeteko aldearekin. 18:30ean hasi da herriko emakume talde batek deitutako mobilizazioa. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriekin bat eginez, zaintza eredua iraultzeko deia zabaldu dute, bi lelo nagusi musikarekin eta dantzarekin jantzita. Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez da gure iraultza! eta Langile publikoak gara, pribatizazioa, zaintzako langileon miseria! izan dira bi leloak, eta manifestazioaren ondoren plazan egin duten ekitaldian Zestoako Pentsiodunen Mugimenduko kide batek eta zaintza arloko langile batek irakurri dute eguneko manifestua. Dantza eginez borobildu dute aurten ere plazako ekitaldia.
19:30ean, berriz, Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratzearen txanda izan da toki berean. Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki izan da Itaiak aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunerako aukeratutako leloa, eta mezu horrekin hainbat pankarta zabaldu dituzte Zestoako plazan. Emakumeek jasaten dituzten era askotako zapalkuntzen kontra antolatzeko deia zabaldu dute Itaiako kideek Zestoan ere.