Gutuna

Fundizio musika elkarteak Leok'k taldeari erantzuna

Fundizio musika elkartea 2023ko mar. 3a, 15:12

II. Fundizio Fest jaialdian hartutako irudia, Zestoako Gaztetxean. (Fundizio musika elkartea)

Leok'k musika taldearen eta Zestoako Gazte Asanbladaren artean sortutako ika-mika dela eta, gutun hau kaleratu du Fundizio musika elkarteak.

Duela urte batzuk sortu zen Fundizio musika elkartea, estazioko entsegu lokala antolatu eta Zestoan dugun mugimendu musikala hauspotzeko asmoz. Zestoan, musika talde guztiok ahal dugun moduan lortzen ditugu beharrezko baliabideak. Udal teknikariek ez digute inongo laguntzarik ematen, ez honen egoera hobetzeko ezta ofizialki lor daitezkeen hainbat beka eta laguntza eskuratzeko bideak erakusteko. Estazioko lokalean, talde eta jende mordoarekin erortzen ari zaigun lokala elkarbanatzen edo norberak bere kasaka lokalen bat ordaintzen dugu aurrera egiteko. Talde guztiek, batek izan ezik.

Gaur jakin dugu talde hori, Leok'k, orain arte entseatzen zuten lokaletik atera dela, zeina gaztetxe berriko eraikinean aurkitzen zen. Gazte Asanbladak adierazi duen moduan, beraiek bertan entseatzen jarraitzeko aukera uneoro eman zaien arren, desalojo batek sortu zitzazkeen eragozpenak direla-eta atera da Leok'k taldea lokal horretatik. Hala ere, taldeak lokalik gabe geratu izana salatu du argazki baten bidez, Gazte Asanblada jopuntuan jarriz.

Leok'k taldeak betidanik pribilegiozko tratua jaso du herri honetan, udalaren nahiz Elizaren partetik. Kultura etxean entseatzeko tokia izan duen talde bakarra izan da, Zestoako beste musika taldeok aukera hori inoiz eduki ez dugunean, eta betidanik pribilegiozko tratua izan dute udalaren partetik, izan finantzazioari dagokionez (ezin ahaztu inoiz kaleratuez duten DVD bat grabatzeko udalaren partetik jaso zuten dirua), izan festa batzordearen gainetik pasatuta nahi dutenean beren kontzertuak beraiek jarritako prezioan emateko aukera izanda, edo izan udalaren azpiegiturak nahi dutenean erabiltzeko aukera izanda. Azken horren adibide da lokaletik gauzak ateratzeko orduan udalaren kamioia erabili dutela. Beste talde guztioi inoiz ez liguke udalak bere baliabiderik utziko gure materiala mugitzeko; talderen batek edo gehiagok batera, ia astero husten baitu lokala bai kontzertu edo bai grabaketetarako, mugimendu horiek duten gastu ekonomikoarekin (furgoneten alokairua eta gasolina gutxienez). Pribilegiozko tratu honekin kontrajarririk, beste talde guztiok beti geure kasaka eta elkarri lagunduz lortu behar izan dugu hauei opari eman zaien guztia.

Herriko taldeok elkar laguntzera begira Fundizio elkartea sortu genuenetik ere, herriko talde bakarra izan da inongo interesik jarri ez duena ez gure egunerokotasunean, ezta guk antolaturiko ekintzetan ere. Esan bezala, guztia beren kasa udalarekin eta Elizarekin tratuak eginez lortu dutelarik. Hau horrela, oso larria deritzogu orain berentzako soilik zuten lokaletik boluntarioki atera direnean, lokalik gabe geratu direla salatu izana. Izan ere, lehenik eta behin, ez dira lokalik gabe geratu. Estazioan herriko talde guztiei irekita dagoen lokala dugu, eurentzat ere bai. Kontua da beti pribilegioan mugitu direnak ez daudela prest kondizio eskasetako lokal bat beste talde batzuekin partekatzeko. Bestalde, Fundiziotik hasieratik adierazi dugun moduan, eta herriko talde ezberdinek proiektuari babesa ematerakoan adierazi duten moduan, gaztetxearen proiektua Zestoako mugimendu musikalak behar duen kontzertu aretoa lortzeko proiektu ezinhobea da. Elizondo zineman kontzertu areto bat egoteak herriari eta gure jarduerari izugarrizko bultzada emango dio dudarik gabe. Beti ere, egokitzapen lan on bat egin ostean. Zentzu horretan, oso jarrera egoista dela deritzogu, beraien pribilegioak mantentze soilagatik herriko musikari mugimenduari horrenbesteko ekarpena egin diezaiokeen proiektua erasotzea, beti erakutsi duten berekoikeriaren isla garbia delarik. Gure partetik, musikari elkarte moduan ezin dugu jarrera hau salatu gabe utzi.

Esan bezala, entseatzeko lokala behar badute, Fundizio elkartea, herriko talde guztiei bezala. prest dago estazioko lokalean talde berri bat sartu eta, elkarlanez, espazio horrek behar dituen egokitzapenen inguruan lanean jarraitzeko, beti ere pribilegioak alde batera utzi eta beste talde guztiekin berdin moduan jokatzeko prest agertzen badira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide