Urola Kostako herri gehientsuenetan bezala, Zestoan ere eguerdi alderako mozorroak soinean zituztela atera dira herritarrak kalera. 12:00etatik 14:00etara bitartean, Zestoako Gazte Txarangak girotu ditu herriko kaleak; arratsalde partean, berriz, umeen eta gaztetxoen mozorro desfilea eta lehiaketa egin dituzte, Gaztelekuak antolatuta.
17:30etik 18:00etara izan dute izena emateko aukera, eta 18:00ak puntuan hasi dute desfilea, udaletxeko arkupeetan muntatu duten oholtzan. Txikienak aurrena, eta 9 urtetik gorakoak gero, banaka, binaka zein taldeka igo dira eszenatokira, herritarrei beren mozorroak erakustera. Gero, epaimahaiak ebatzi du zeintzuk izan diren kategoria bakoitzeko onenak, eta zozketa bidez ere hainbat sari banatu dituzte parte hartzaileen artean.
Mozorro lehiaketaren bueltan ez ezik, inguruko tabernetako terrazetan ere bazen jendea, eta giro ederrean. Jaiari segida emateko, Olaberri DJaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute herritarrek 20:00etatik aurrera, eta 23:00etatik aurrera bigarren saioa egingo du, biak ala biak udaletxeko arkupeetan.