Zestoan ere udal tasak eta zergak %1,5 igotzea erabaki dute, aho batez

Mailo Oiarzabal 2022ko urriaren 14a

Udal tasen eta zergen %1,5eko igoera orokorrarekin batera, hilerriko tarifetan aldaketa bat egitea ere onartu zuten Ordenantza Fiskalak berritzeari zegokion atalean.

Zestoan ere %1,5 egingo dute gora datorren urtean udal tasa, zerga eta prezio publikoek. 2023rako Ordenantza Fiskalen eguneraketaren hasierako onarpena zen atzo egin zuten ezohiko udalbatzarraren lan zerrendako puntu nagusia, eta aho batez onartu zituzten datorren urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango diren tasa, zerga eta prezio publikoak, EAJren udal taldeak ontzat eman baitu EH Bilduren Udal Gobernuak egindako proposamena.

"Inguruko udal gehienek" hartutako neurri eta igoera bera ezartzea onetsi dute, beraz, Zestoan ere, Mikel Arregi alkateak proposamena aurkezterakoan esan bezala. Inflazioa eta bizimoduaren garestitze orokortua aipatu zituen Arregik igoeraren arrazoi nagusi gisa.

Hilerriko tarifetan aldaketa

Udal tasen eta zergen %1,5eko igoera orokorrarekin batera, hilerriko tarifetan aldaketa bat egitea ere onartu zuten Ordenantza Fiskalak berritzeari zegokion atalean.

Duela urtebete, 2022an indarrean dauden Ordenantza Fiskalen hasierako onarpenarekin, ezarri zuen lehen aldiz Zestoako Udalak hilerrietako zerbitzuaren gaineko zerga. Aurten, zerga horretan aldaketa bat ezartzea onartu dute. Panteoi pribatuen erabilerarekin eta gora doan gorpuen errausketaren aldeko joerarekin lotutako berrikuntza da, hain zuzen ere, onartu dutena. "Gaur egun errautsak ezin dira etxean eduki, ezin dira mendian bota... Familiako panteoi horietan sartzen dituzte askok hildako senideen errautsak. Ez zitzaigun justua iruditzen panteoietan gorpu bat sartzeagatik zein errautsak sartzeagatik tasa bera ordainaraztea, ez direlako lan jarduera berdinak", azaldu zuen alkateak aldaketa onartzera bultzatu dituen hausnarketaren funtsa. "Orain arte ere malgutasunez jokatu da horrelako kasuak eman direnean", zehaztu zuen, baina aurrerantzean tarifa ezberdinak izango dituzte panteoietako bi zereginek, merkeagoa izango da errautsei dagokiena –80 euro ordaindu beharko da, hain zuzen–, eta horixe da atzoko aldaketarekin finkatu zutena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide