Zestoako Udaleko behin-behineko langile batzuk greban daude uztailaren 13az geroztik, "aspaldidanik duten egoera irregularretik ateratzearen alde". Gaiak iritzi kontrajarriak sortu ditu batzuen eta besteen artean: Udal Gobenua izan zen grebaren berri eman zuena, hilaren 14an. Hurrengo egunean, grebalariek egin zuten agerraldia, eta langileek han emandako azalpenei erantzunez komunikatu bana kaleratu zuten ondoren udalak eta LAB sindikatuaren udaleko ordezkaritzak. Jarraian, beste agerraldi bat egin zuten grebalariek, eta orain, ELA sindikatuak beste ohar bat atera du, langileei babesa adieraziz.
ELAren arabera, Zestoako Udalean gauzatzen ari dena "hemeretzi, hamazazpi, hamabost edo zazpi urtez udalean lanean aritu eta beren lanpostua galtzeko arriskua duten langileek hasi duten borroka" da. Sindikatuak nabarmendu duenez, Hego Euskal Herriko administrazioetan 60.000 behin-behineko langile ari dira urte luzez lanean, eta horietako gehienak "iruzur egoeran" daude. "Legeak dioena jarraituz (EBEP 10. artikulua), gehienez hiru urtez egon daiteke langile publiko bat behin-behineko egoeran, plaza duen norbait ordezkatzen ari dena salbuetsita". Sindikatuaren arabera, "Zestoan ere herritarren dirua erabili da urte luzez iruzurrean egon diren behin-behineko langileak ordaintzeko". Hori ez dutela langileek erabaki dio sindikatuak: "Legea ez betetzea edo iruzur hori egitea ez dute langileek erabaki, urte hauetan agintean egon diren Udal Gobernuek baizik". Urte hauetan herritarrek "aukera berdintasunik ez dutela izan salatu du sindikatuak, eta adierazi du horregatik iritsi direla egungo egoerara.
ELAk dio sindikatu horrek "urte asko" daramatzala "Hego Euskal Herrian %40tik gorakoa den behin-behinekotasun tasa jaitsi, pribatizazioei bidea moztu eta ezohiko egoera horri ezohiko irtenbidea bilatu nahian nahiz administrazioek modu irregularrean lanean izan dituzten langileak finkatzeko prozesu bat lantzen". Sindikatuak gogoratu du 2021eko apirilaren 22an sektore publiko guztian greba egin zela, Zerbitzu publikoen alde, enplegua sortu eta kontsolidatu lelopean, ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK y Steilas sindikatuek deituta.
Iazko abenduan argitaratu zen Egonkortze Legeari ere egin dio erreferentzia ELAk. Haren arabera, "ezohiko oposizio prozesuak –behin bakarrik egin ahal izango direnak– egiteko aukera" ematen du lege berriak. "Lege berria ez da ELAk nahi zuena, baina aukera batzuk zabaltzen ditu langileak finkatzeko bidean. Hego Euskal Herriko udaletan eta administrazioetan negoziaketa mahaiak irekita daude, eta egingo diren ezohiko oposizio prozesu horiek nolakoak izango diren negoziatu behar da orain leku guztietan. ELAk ehundaka asanblada egin ditu langileak informatzeko eta antolatzeko helburuarekin".
ELAren arabera, "aspaldi" hasi zituzten negoziaketak Zestoako Udalean, sindikatuak dioenez, oposizioan aterako diren lanpostuen prozesuak nolakoak izango diren abuztu erdi alderako erabaki behar delako. "Negoziaketa horietan Udal Gobernuak mahai gainean jarritako azken proposamenak ez du bermatzen urte luzez udalean lanean ari diren langileak finkatuko direnik; berriz diogu, legearen xedea hori izanik eta ezohiko prozesuak direla kontuan hartuta". Hori ikusirik, horrek eragiten dien langileak "talde bezala antolatu" direla eta grebara jotzeko erabakia hartu dutela adierazi du ELAk.
"Greba ez da mehatxu bat"
Greba ez dela "mehatxu bat" nabarmendu du ELAk, "langileek duten eskubide bat" baizik. "Euskal Herriko beste hainbat lan zentrotako langileek kaleratzeen aurka edo hitzarmen onak lortze aldera antolatu eta greba eskubidea erabiltzen duten bezalaxe egin dute Zestoan ere. Lanuztea noiz hasi eta noiz bukatuko duten soilik beren erabakia izango da. ELAk babes guztia ematen die langile horiei". Greba deialdiak hainbat hutsune dituela aipatu du Udal Gobernuak, eta horri ere erantzun dio sindikatuak: "Greba bere denboran eta legeak ematen dituen aukeren barruan dago egina. Ez dezagun eztabaidatu greba nork eta nola formalizatu duen. Lan gatazketan patronal edo administrazio eta langileen artean suertatzen diren interes kontrajarrien aurrean, bakoitzak jakingo du non kokatzen den".
ELAk nabarmendu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan eman beharreko negoziaketetarako oinarrien proposamen orokor bat egin berri du Eudelek aste honetan, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu alderdien adostasunarekin. Baina sindikatuaren arabera, horrek ez du bermatzen udaletan lanpostuak finkatuko direnik. "Negoziaketak udal bakoitzean egiten, eta Zestoan bezala, langileak antolatu, administrazioetan lanpostuak bermatu eta etorkizunean benetako aukera berdintasuna egon dadin borrokatzen jarraituko" duela erantsi du ELAk.