Greban dauden Zestoako Udaleko langileek "Egonkortze Legearen aplikazio justu bat" eskatu dute

Ihintza Elustondo 2022ko uztailaren 19a

Udal Gobernuak eta LAB sindikatuak atzo egindako adierazpenak tarteko, greban dauden langileak "behartuta" sentitu dira agerraldia egitera. Haien arabera, udal langileen batzar bat egiteko nahiari uko egin diote udalak eta LABek. Maiatzetik hasita udalean idatziz aurkeztu dituzten proposamenei erakundeak ez diela "erantzun formalik" eman ere adierazi dute.

Zestoako Udaleko behin-behineko zenbait langilek greban jarraitzen dute "aspaldidanik duten egoera irregularretik ateratzearen alde", eta langile horiek agerraldia egin dute gaur, plazan. Udal Gobernuak eta LAB sindikatuak adierazpenak egin zituzten atzo aferaren inguruan, eta grebalariek azaldu dute agerrialdia egitera "behartuta" sentitu direla "azken prentsa oharrak direla eta". Zestoako herritarrei hainbat kontu "argitu" nahi dizkietela esan dute.

Batetik, udalak erabilitako terminologiari erantzunez, "herritarren diruarekin egindako oparirik eta neurrira egindako tajerik ez" dutela nahi adierazi dute, "Egonkortasun Legearen aplikazio justu bat" baizik. Urte luzez "modu irregularrean" eta "lan egonkortasunik gabe" ari direla udalean lanean erantsi dute: "Zenbaitek hamabost urte baino gehiago daramatzate egoera horretan".

Greban dauden langileen esanetan, 2021eko abendutik hasita, hainbat batzarretan eta bileratan adierazi diete beren kezka udalari eta LAB sindikatuari. "Baina udalak berean jarraitu du eta jarraitzen du, kaso zipitzik egin gabe. Grebaren aukera mahai gainean jarri arte, ez zaio heldu gaiari behar den bezala", esan dute. Haien arabera, udal langileen batzar bat egiteko nahiari uko egin diote udalak eta LABek. "Azken eskaera uztailaren 12an egin zen, eta ezezkoa jaso genuen". Udalak langileei zuzendutako bilera informatiboa egin berri duela diote greban dauden langileek, eta bilera horretara ez dituztela deitu arbuiatu dute. "Zer gara, bigarren mailako langileak?", galdetu dute. 

Udalaren "erantzun formalik ez"

Egonkortasun Legearen izaerari ere egin diote erreferentzia langileek: "Hitz egin dezagun garbi. Egonkortasun Lege berria ez dator administrazio publiko batean lana egin ez dute herritarrei lanpostuak eskaintzera. Ez ditzagun herritarrak engainatu". Maiatzetik hasita udalean idatziz aurkeztu dituzten proposamenei erakundeak ez diela "erantzun formalik" eman ere adierazi dute: "Ez dugu idatzizko erantzunik jaso", zehaztu dute. Era berean, "LAB sindikatuaren irizpideetan oinarritutako proposamenari" ere ez diotela erantzun nabarmendu dute.

Udalak "behin eta berriz" berme juridikoak aipatzen dituela diote langileek. Horren harira, honako galdera hau egin dute: "LABen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideek ez ote dute berme juridikorik? Harritzen gaitu". Langileek erantsi dute udalak ez dituela aipatu "kaleratzerik egongo balitz, udalak oraindu beharko lituzkeen kalte ordainak".

Aurrez aipatutako arrazoi guztiak oinarri hartuta, "grebara joatea besterik" ez zaiela gelditu adierazi dute langileek. Arkaitz Rodriguezek berriki esandako esaldi bat ekarri dute gogora agerraldia amaitzeko: "Borrokatzea zilegi da, borrokak merezi du. Ez etsi, eutsi, galtzen den borroka bakarra abandonatzen dena delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide