Espainiako Estatuan sektore publikoko langileen behin-behinekotasuna murrizteko legearen aplikazioaren gaineko desadostasunek sortu duten lan gatazkan bertsio eta jarrera kontrajarriekin jarraitzen dute Zestoako Udalak eta greban diren udal langileek. Udal Gobenua bera izan zen grebaren berri eman zuena, joan den ostegunean. Hurrengo egunean, grebalariek egin zuten agerraldia; eta langileek han emandako azalpenei erantzunez komunikatua kaleratu du gaur udalak. Udalak adierazpena atera ondoren atera du berea LAB sindikatuaren udaleko ordezkaritzak ere. Greba deialdiarekin eta ELA sindikatuaren jarrerarekin oso kritiko agertu dira bai udala, bai LAB.
Grebaren berri emateko prentsaurrekoan baino gogorrago mintzo da udala gaurko oharrean. Grebalariei "hainbat gauza ezkutatu nahi" izatea leporatu die, batetik; baina, batik bat, ELA sindikatuari zuzendu dizkio kritikak udalak bere komunikatuan. Hasteko, "oso modu xelebrean deitua" izan den grebaren atzean sindikatu hori dagoela dio udalak: "Udal Gobernuak egindako agerraldian xehetasun sindikaletan ez sartzea erabaki bazen ere, eta hainbat gauza ezkutatu nahi direla ikusirik, lehenik eta behin greba deitu duena ELA sindikatua izan dela argitu behar da. Guk dakigula, LAB sindikatuak ez du inondik ere greba honekin bat egiten". LABen Zestoako Udaleko ordezkaritzak baieztatu egin du udalak esandakoa. Udalean ordezkaritza sindikala bakarra dela eta grebarekin ez duela bat egiten "garbi utzi nahi" du sindikatu horrek, baita greba egiten ari direnak udaleko "langile interino batzuk" direla ere, "ez guztiak".
Udal Gobernuaren agerraldian esan zuten greba deialdia egin den moduak “hainbat hutsune” zituela, langile batzarrik egin gabe eta ordezkaritza sindikalari berri eman gabe egin delako. LABena da ordezkaritza sindilaka udalean, bi ordezkarirekin; ELAk ez du ordezkaritzarik. Hutsune horiek aipatu dituzte berriro udalaren oharrean: "Logika demokratiko eta sindikal guztia hankaz gora jarri dute, sindikalgintzan udal honen ustez ezinbestekoa den negoziazio kolektiboaren kontzeptua erabat birrinduz".
Udala eta LAB, kronologian bat
"Negoziazio gabeko greba baten kronologia" egin du udalak bere komunikatuan. Izan ere, udalarentzat, "helburua greba deitzea izan da, ez mahai negoziatzailea sortzea". LABen kontakizuna bat dator udalarenarekin: "Langile interinoen egonkortze legea dela eta, gai honen inguruko LABen irizpideak azaltzeko bilera deialdia egin zitzaien langile interino guztiei. Bilera baino egun bat lehenago, ELAren izenean greba deialdia erregistratu zuten Zestoako Udalean. Hau da, udalarekin oinarriak adosteko mahai negoziatzailea bildu aurretik, greba deialdia egon da mahai gainean. Ez zen langile guztiei deitutako batzarrik egin grebara joatea erabakitzeko".
2019an, Espainiako Gobernuak Egonkortze Legea onartu baino lehen -2021eko abendukoa da legea–, hamabi lanpostuko eskaintza publikoa martxan zuen Zestoako Udalak. Eskaintza hari "lege berria aplikatzea erabaki" zuela azaldu du udalak, eta langileen agerraldian Zumaiako Udalari aipamenari erantzun dio: "Egia da Zumaiako Udalak aurreko eskaintza guztia bertan behera uztea erabaki zuela, baina grebalariek egiaren zati handiena ez dute kontatu. Izan ere, Zestoako eskaintza ez bezala, Zumaiako eskaintza guztia inpugnatua zegoen, eta horregatik erabaki zuen Zumaiako Udalak aurreko eskaintza bertan behera uztea".
Gauzak horrela, ELAk Zestoako Udalari bilera bat eskatu ziola kontatu du erakundeak, "langile batzuen ordezkari gisa aurkeztuz". Udalaren arabera, bilera horretan zera proposatu zuen ELAk: lehiaketaren 100 puntuetatik 95 lan esperientziari ematea, eta bost puntu besterik ez, merituei. "Ondoren egindako bilera batean, udalak langile hauen ordezkariei garbi adierazi zien ikuspegi publiko eta juridiko batetik proposamen hori onartezina dela, eta epe motzean udalak negoziatzen hasteko beste proposamen bat aurkeztuko ziela. Horretarako egun bat ere jarri zitzaien, uztailaren 15a". Bilera hori egitera iritsi aurretik egin du eztanda, ordea, lan gatazkak. "Zestoako Udalaren eta langileen gehiengo zabal baten harridurarako, ordezkaritza sindikala barne", uztailaren 7an jaso zuen udalak Lan Delegaritzatik, "ELAko kanpoko ordezkari batek sinatuta", uztailaren 11n hasiko zen grebaren deialdia. Uztailaren 11n, ordea, lanera joan ziren greba egitekoak zirenak, "eta hurrengo egunean alkateari egun bertan bilera bat egiten ez bazen grebara joango zirela adierazten zuen idatzi bat igorri zioten", udalaren kontakizun kronologikoaren arabera. Alkateak bilera eskaera onartu zuen, eta bilera horretan udalak eta udaleko ordezkaritza sindikalak "mahai negoziatzailea osatzeko borondatea eta premia adierazi" zieten grebara joatekoak ziren langileei. "Guztion harridura lehen gutxi izan gabe, eta inolako jakinarazpenik jaso gabe, hurrengo egunean bederatzi langile ez ziren lanera etorri, eta beraz, udalak greban daudela ondorioztatu zuen".
Hilaren 13an hasi zituzten lanuzteak grebalariek, ostiraleko agerraldian zehaztu zutenez
Udala "jomugan"
Egonkortze Legeak administrazio publiko desberdinetan ekar ditzakeen ondorioen aurrean, grebarekin Zestoako Udala "jomugan" jarri dutela dio erakundeak, "oinarriak prestatzen hasi den lehen udala" izateagatik eta "estrategia sindikal jakin bati ondo datorkiolako eta ondoren sartuko diren beste udalek mezua jaso dezaten", berriro ELAren esku hartzeari erreferentzia eginda. "Zestoako Udalari egurra ematea erabaki da. Bestela, negoziatzen hasi aurretik greba deitu izana nekez uler daiteke, ordezkaritza sindikala erabat baztertu izana nekez uler daiteken bezala. Izan ere, udal gobernu ororen mintzakide ofiziala langile guztiek hautatutako ordezkaritza da, eta ez langile partikular batzuen ordezkaritza".
Inguruko udalek aurreko lan eskaintza publikoak "bertan behera utzi eta baldintza bereziko eskaintza berriak argitaratu" zituztela esan zuten grebalariek beren agerraldian, baina udalaren esanetan, "ez dira egia esaten ari" baieztapen horrekin. "Ez Azkoitia, ez Azpeitia eta ez Zumaia, oraindik ez dira oinarri eta puntuazio sistemak prestatzen hasi; eta horrela ez bada, aurkez dezatela herri horietako puntuazio sistema bat", bota die langileei erronka udalak.
Indarrean den greba deialdia "zentzugabekeria eta arduragabekeria hutsa" iruditzen zaio udalari: "Udala hasieran egindako proposamena negoziatzen hasteko prest zegoen eta negoziaketak hasieran ez dira greba baten mehatxupean egiten, are gutxiago langileen artean gutxiengoa izanda. Negoziazioak diskrezioz egiteko nahikoa denbora bazegoen baina zoritxarrez denon kalterako izango den bidea hautatu da eta fokoa Zestoan jarrita dago". Era berean, grebalariek beren adierazpenetan erabiltzen ari diren "kaleratu" kontzeztua dela-eta argibideak eman nahi izan ditu erakundeak, "herritar guztien diruarekin ordaintzen diren lanpostu publikoak oparituko" ez dituela berretsi aurretik: "Grebalariak kaleratuak izango direla etengabe ari dira esaten, eta hori gezurra da. Zestoako Udala prest dago, interes partikularretatik haratago langile guztiak aintzat hartuko dituen prozesu bat adosteko, urte asko lanean daramatzaten langileei hobariak aitortuz; baina beti ere, eta legeak dioen bezala, prozesu irekiak eta berme juridikoa oinarri hartuta".
LAB sindikatuaren ordezkariek ere gogor hitz egin dute ELAk Egonkortze Legea dela-eta hartu duen bidearen kontra: "Lanpostuen egonkortze prozesu guzti hau martxan jarri den momentutik, ELA sindikatuak martxan jarri du bere interesen aldeko makinaria. Ez du balio langile kolektiboa zatikatzeak, ez eta lege berriaren inguruko zalantzak baliatuz langileak erabiltzea, hau da, ELAren interes partikularrak erronka kolektiboen gainetik jartzea".