1,4 milioi euroko igoera izango du Zestoako Udalaren aurrekontuak, "zerbitzu publikoen premiei erantzuteko"

Maialen Etxaniz 2022ko apirilaren 4a

2022ko udal aurrekontuetan aldaketak egitea onartu zuen udalak aho batez, apirileko udalbatzarrean. Horrenbestez, 1,4 milioi gehiago izango ditu udalak aurten, eta diru kopuru horren zatirik handiena Udal Kiroldegiko teilatua konpontzera bideratuko dute, eta ondoren plaka foltoboltaikoak jarriko dituzte. Aurrekontuez aparte, behin betiko onarpena eman zioten Zestoako eskolaren anpliazioaren plan bereziari, eta Sahararen eta Ukrainaren aldeko mozio bana onartu zituzten.

Zestoako Udalak 1,4 milioi euro gehiago izango ditu 2022ko udal aurrekontuetan. Horrela erabaki zuten aho batez joan zen ostegunean egindako apirileko ohiko udaltzabarrean, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Ondorioz, otsailean onartutako 6.099.600 euroko aurrekontuak 1.400.000 euroko igoera izango du.

Aldaketaren zatirik handiena Udal Kiroldegiko pilotalekuaren teilatua konpontzera bideratuko dute: izan ere, udalak aurrez jakinarazi bezala, amiantoa dago teilatuan. Hori dela eta, teilatu berria egin eta horren ostean bertan eguzki plaka fotoboltaikoak jartzea da udalaren helburua. Proiektu hori egitera bideratuko dituzte onartutako igoerari dagokion 1.150.000 euroko zatia. Joan zen otsailean aurreratu zuten kiroldegiko proiektua, eta orduan ere esan zuten lan horiek egiteko hainbat dirulaguntza jasotzea aurreikusten duela udalak. Oraingoz, erakundeak ez daki zenbatekoa izango da jasoko duten diru partida, baina  500.000-600.000 euro ingurukoa izatea aurreikusten dute, trantsizio ekologikoaren lan lerrorako dirulaguntzak sustatzen ari direlako hainbat erakunde. 

Zestoako alkate Mikel Arregiren arabera, "dal zerbitzuek dituzten premiei eta obligazioei aurre egiteko beharrezkoa da hainbat gastu berehala egitea; izan ere, horiek atzeratuz gero sortuko litzatekeen kalteak eragin nabarmena izango luke zerbitzuen kalitatean". Baina haren hitzetan, "aurrekontuaren exekuzioaren arabera, ordea, gastu partidetan ez dago nahiko krediturik aipatutako gastuei aurre egiteko". "Ondorioz, kredituak sortzeko edo, hala badagokio, gehitzeko proposamena da egin duguna", adierazi du.  

Beharrak eta aldaketak

Hainbat arlotan egin dituzte aldaketak, eta diru partida berrirak bideratuko dituzte euskara sustatzeko elkarteetara, herriko festen antolaketara, eskoletako azpiegiturak konpontzera, kultur etxeko ekintzetara, jubilatuen eguneko antolakuntzara edo udal garbiketa zerbitzurako kamioia erostera. Azken hori izango da bigarren partida handiena jasoko duena, 80.500 euro. 

Herriko festetarako 65.000 euroko partida zuen  aurreikusita udalak, eta beste 5.000 euro gehitu dizkiote; jubilatuen egunerako 7.000 euro zituzten aurreikusita, eta 5.000 euro gehitu dizkiote. Santakutzetarako, berriz, 6.200 euro zituzten aurreikusita, eta 2.100 euro gehiago bideratuko dituzte jaietara. Kultur Etxeak garatzen dituen ekintzetarako  35.000 euroko partida aurreikusten zuen erakundeak, eta horri 10.000 euro gehitu dizkiote. 

Kultur edo aisialdira bideratutako ekintzez aparte, hainbat zerbitzu hobetzeko partidak egokitu ditu udalak. Horrenbestez, herriko eskoletako azpiegitura eta konponketetarako aurreikusitako 7.000 euroko partidari 3.000 euro gehitu dizkiote.  Garbiketarako aurrekontua 9.500 eurokoa zen, eta kamioia erosteko egokitzapenak eginda,  90.000 euro bideratuko dira garbiketa zerbitzuko ibilgailua erostera. Euskara eta kulturartekotasun partidetan ere egin dituzte aldaketak, eta euskarako eragileen dirulaguntzaren partidari 2.000 euro gehitu dizkiote; kulturartekotasunari, aldiz, 7.000 euro. 

Bestelako lanak ere egingo dituzte, eta honako hauek dira horietako batzuk: Arteagako beheko plaza egokitzea (40.000 euro), Aizarnako kultur etxeko igogailua jartzea (29.000 euro), Ibañarrietako Asto Txiki bidearen konponketa (7.000 euro) eta auzoetako udal eraikinen konponketa lanak (19.000 euro). 

Sahara eta Ukraina, mozioetan eztabaidagai

Aurrekontuetan egindako aldaketak ez ezik, hizpide izan zituzten udalbatzarrean Ukrainako gerra eta Saharakoa. Hain zuzen, Ukrainako gaiari lotuta mozio bana aurkeztu zuten EH Bilduk eta EAJk. Koalizioak aurkeztutako mozioa onartu zen udalbatzarrean, EH Bilduko zinegotzien aldeko eta EAJkoen kontrako botoekin. Iritzi desberdinak izan zituzten bi alderdiek Ukrainako gerraz egindako adierazpenean, 

Sahararen aldeko mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen, eta EAJren babesarekin, aho batez onartu zen. "Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea funtsezkoa dela" uste du Zestoako Udalak, "Magrebeko herrialdeen arteko eskualde-lankidetzarako eta eskualdearen egonkortasuna, segurtasuna eta oparotasuna bermatzeko".

Honako lau puntuak jasotzen ditu Zestoako Udalaren mozioak, hitzez hitz: 

  1. Bere kezka adierazi nahi du Espainiako Gobernuak babesa ematen diolako Marokoko Erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari.
  2. Espainiako Estatuak lotura historiko eta afektiboa duela Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan, eta, horregatik, Espainiako Gobernuari eskatzen dio Nazio Batuen Erakundean, EBn eta gainerako nazioarteko erakundeetan modu aktiboan lagundu eta jardun dezala gatazkaren konponbidearen alde, Nazioarteko Zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen arabera beti ere. Ildo horretan, Gobernuari eskatzen dio babestu ditzala Staffan de Mistura NBeko ordezkari aldeen arteko negoziazio-prozesu politikoari berriro ekiteko egindako ahaleginak eskatzen dio.
  3. Ezinbestekoa dela konponbide politiko justu, iraunkor eta elkarrekiko onargarri batetara iristea, Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta asmoen esparruan, Nazio Batuen ebazpenekin bat etorriz, alde guztien erantzukizuna eskatuz, ikuspegi aldeaniztun eta eraikitzailea duen konponbidea helburu.

  4. Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea funtsezkoa dela adierazten du, Magrebeko herrialdeen arteko eskualde-lankidetzarako eta eskualdearen egonkortasuna, segurtasuna eta oparotasuna bermatzeko.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide