Sei milioi euroko aurrekontua izango du Zestoako Udalak, eta argiteriaren zati bat berreskuratuko du

Maialen Etxaniz 2022ko otsailaren 3a

EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dituzte 2022ko aurrekontuak. Milioi bat eurotik gora bideratuko dituzte inbertsioetara. Arroagoiko saneamenduak, udalaren biltegi berriak eta Zubiaurreko aisialdi guneak izango dute diru partidarik altuena. Aurrerantzean, Zestoako Udalak kudeatuko du berriro herriguneko argiteriaren zati bat. EAJ desados agertu da erabakiarekin. Correoseko bulegoa anbulatorio zaharrera lekualdatuko dute epe motzean.

Zestoako Udalak onartu ditu 2022rako aurrekontuak. Atzo, asteazkena, onartu zituzten aurrekontuak otsaileko ohiko udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Guztira, sei milioi euroko – 6.099.594 euro– aurrekontua izango du Zestoako Udalak 2022an, iazkoa baino %8,4 altuagoa.

Aurrekontuen partida handienak pertsonalera, ondasun zein zerbitzuetara eta transferentzia arruntetara bideratuko dituzte. Inbertsioetarako eta proiektu berrietarako, aldiz, milioi bat eurotik gorako partida ­–1.021.152 euro– izango du Zestoako Udalak 2022an.  Zestoako alkate Mikel Arregi Ertxinek eman zituen aurrekontuen inguruko azalpenak atzoko udalbatzarrean. Zortzi izango dira 2022rako inbertsio-lerro nagusiak: Zubiaurreko aisialdi gunea, udal biltegi berria, Arroagoiko saneamendu sistema, Correos etxearen eraisketa, Lizarraitzeko parkea eta urbanizazio lanak, euriteek eragindako kalteen konponketak, Iraetako jolas parkea eta GI-631 eta Etorra auzoko ur sistema.

Zubiaurreko aisialdi guneko proiektua egina du Zestoako Udalak, baina “eremu babestua” denez, proiektuari ekin ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren onarpena behar du. Zestoako alkateak azaldu zuenez, oraingoz ez dute baimena lortu, baina udalak eskatuta, Aranzadi zientzia elkartea txosten arkeologiko berria egiten ari da. Aranzadikoen txostena amaitzean, aldundiaren baimena izan eta proiektuari ekitea aurreikusten du udalak.  

Udal biltegi berrira 150.000 euro bideratuko ditu erakundeak. Udalak iaz erosi zuen Caraban Park zena, eta hara mugituko dute udal brigadaren biltegia. Aurtengoa lokalaren erosketara bideratutako bigarren diru partida izango da. Alkateak aurreratu zuenez, “laster” hasiko dira udal ekipamendua bertara lekualdatzen. Lizarraitz guneko parkea berritzeko eta gunea urbanizatzeko lanetarako 70.000 euro jarriko ditu erakundeak. Izan ere, Lizarraitzeko gunea udalaren esku gelditu da. “Lizarraitz guneko parkearen jabetza komunitatearena zen, eta zesioa negoziatu ostean, udalaren esku gelditu da. Gune horretan, konponketa eta berrikuntza lanak egitea da asmoa”, azaldu zuen Arregik. Ez da Zestoako Udalak berrituko duen parke bakarra, Iraetako jolas parkea ere berrituko baitute. Lan horiek 28.000 euroko aurrekontua izango dute. Euriteek eragindako kalteak konpontzeko ere diru poltsa bat jarriko du Zestoako Udalak. Hain zuzen, Bidezarran eta Urdanetabidean eragindako kalteen konponketak ordaintzeko 77.500 euro jarriko dituzte. Correos etxearen eraisketara 100.000 euro bideratuko ditu erakundeak. Arlo sozialera ere bideratuko dute aurrekontuaren zati bat. Hain zuzen, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako 100.000 euroko poltsa jarriko du udalak, eta alokairu sozialerako 30.000 eurokoa.

Zestoako Udal Kiroldegiko teilatuan obrak egiteko asmoa ere badu Zestoako Udalak. Arregik aurreratu zuenez, “teilatuan dagoen amiantoa kendu, eta plaka fotovoltaikoekin osatutako energia berriztagarrien parkea jartzea da asmoa”. Instalazioa egin ahal izateko hainbat dirulaguntza jasotzea aurreikusten du udalak.

Hona hemen partiden zenbatekoa atalez atal:

  • Pertsonala: 1.933.001,00 euro
  • Ondasun arrunt eta zerbitzuak: 1.656.868,10 euro
  • Transferentzia arruntak: 1.320.795,52 euro
  • Inbertsio errealak: 1.201,152, 60 euro
    • Arroagoiko saneamendua: 240.000 euro
    • Udal biltegi berria: 150.000 euro
    • Zubiaurreko aisialdi gunea: 106.000 euro
    • Correos etxearen eraisketa: 100.000 euro
    • Lizarraitz urbanizazioa eta parkea: 70.000 euro
    • Euriteak eragindako kalteak: 77.500 euro
    • Iraetako jolas parkea: 28.000 euro
    • GI-631 eta Etorra auzoko ur sistema proiektutarako: 20.000 euro

EAJk abstentzioa, desadostasunak tarteko

EAJren abstentzioarekin onartu zituzten 2022ko aurrekontuk atzoko udalbatzarrean, eta abstentzioaren arrazoiak mahaigaineratu zituen EAJren bozeramaile Garikoitz Mendizabalek. Hark azaldu zuenez, “aurrekontuetan gauza onak eta proiektu interesgarriak ere jaso direlako” jo dute abstentziora: “Zubiaurreko parkeraren proiektua, gastu sozialera bideratutako partidak… Badaude gauza onak aurrekontuetan. Gainera, guk egindako zenbait proposamen ere jaso dira, eta horregatik ez dugu aurkako botoa emango”. Dena den, onartutakoak "EAJren helburuetatik eta estilotik urrun dauden aurrekontuak" direla aipatu zuen Mendizabalek, eta desadostasuna agertzeko hainbat auzi jarri zituen mahaigainean, hala nola Kultur Etxearen gaia, komun publikoarena, Aranzadiren ikerketa, konposta egiteko gunearena edo Osinbeltzeko proiektuarena.

Kultur Etxeari dagokionez, Mendizabalek esan zuen ez direla zuzenak izan udalak erabakiak jakinarazteko hartutako bideak. Haren arabera, ezustean jakin zuen udalak lehentasunak beste proiektu batzuetan jarri asmo duela, kiroldegiko sabaian, esaterako. EAJ eta EH Bildu ez daude ados Kultur Etxearen, eta oro har kultur azpiegituren gaian. Koalizioak ez du bidegarri ikusten gaur egun Kultur Etxea dena eraistea eta berria eraikitzea. EAJren iritziz, aldiz, EH Bilduk ez dio lehentasunik eman gaiari aurrekontuak osatzerakoan. Jeltzaleek Aranzadi Zestoako memoriaz egiten ari den ikerketaren inguruan dituzten zalantzak eta kezkak ere plazaratu zituen Mendizabalek. Haren arabera, "ezjakintasun handia" dute: "Ez dakigu zein metodologia erabiliko duten, biktimak nola sailkatuko diren, zer bibliografia erabiliko duten...". Udalak jarritako komun publikoaren auzia ere atera zuen mahaigainera EAJk. Oposizioaren iritziz "erabakiak hartzeko moduak ez dira egokiak izan".  Ez da gaiz bi alderdiek udalbatzar batean hitz egiten duten lehen aldiz, azaroko bilkuran ere komunak izan zituzten eztabaidagai. 

Argiteriaren zati bat, berriro udalarena

Aurrekontuen gaia ez ezik, herriko argiteria publikoaren kudeaketaz ere aritu ziren otsaileko udalbatzarrean. EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrako bozekin, herriguneko argiteriaren zati bat udalaren esku egotera igaro da berriro.

Zestoako alkateak azaldu zuenez, gaur egun kudeaketa daraman Tecuni enpresarekin izandako negoziaketen ostean hartu dute erabakia. Izan ere, aurreko legealdian –EAJ zegoen udalean– argiteria publikoaren kudeaketa enpresa pribatu horren esku utzi zuen udalak. “Aurreko legealdian udalak herriko argiteria publikoa 10 urterako pribatizatzea erabaki zuen, eta 2018tik argiteria publikoa Tecuni enpresak kudeatzen du. Egungo udalak enpresarekin hainbat bilera egin ostean, argiteriaren zati bat berreskuratzea lortu du”, azaldu zuen Arregik. Hain zuzen, Zestoako argiteria publikoak dituen 1.171 puntuetatik 274 berreskuratu ditu udalak, eta horietako hainbat herrigunean daude. Beste puntuak Tecuni enpresak kudeatuko ditu 2028ra arte. “Udal honek zerbitzu publiko estrategikoen kudeaketa publikoa lehenesten duenez era baikorrean baloratzen du zati bat berreskuratu izana eta 2028an udalak guztia berreskuratu beharko lukeela uste du”, adierazi zuen Arregik.

Erabakiaren aurka agertu zen EAJ. “Zerbitzuak pribatizatzea ez da txarra, ez da drama bat, eta zenbaitetan onurak dakartza”, adierazi zuen Mendizabalek.  

Correos, anbulatorio zaharrera

Gaur egun Correosen egoitza den eraikina bota egingo dute epe motzean. Hori dela eta, "Correosek Zestoan posta zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko" leku berri bat ematea erabaki du udalak. Hain zuzen, atzoko udalbatzarrean onartu zuten anbulatorio zaharreko zati baten lagapena egitea.  Beraz, epe motzean Correosen bulegoa anbulatorio zaharrera lekualdatuko da. Zestoako alkateak azaldu zuenez, dagoeneko hasi dira espazio berria eraikitzeko lanekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide