Tasa arruntak %1,5 igo, kiroldegikoa mantendu eta hilerrietakoa finkatuko ditu Zestoako Udalak

Maialen Etxaniz 2021eko azaroaren 3a

Urriko udalbatzarrean aho batez eman zieten hasierako onespena 2022ko Ordenantza Fiskalei. Berrikuntza nagusia hilerrietako tasari dagokiona da; izan ere, orain arte ez da hilerriko zerbitzuaren gaineko tasarik finkatuta egon Zestoan, eta datorren urtera begira hori ere zehaztuko du udalak.

Zestoako udal zerga eta tasa arruntak %1,5 igoko dira 2022an, kiroldegikoa izan ezik. Aho batez onartu dute erabakia urriko udalbatzarrean. Hain zuzen, Udal Gobernuak (EH Bildu) eta oposizioak (EAJ) adostasunez eman diete hasierako onespena 2022ko Ordenantza Fiskalei.

Udal Kiroldegiko tasak bere horretan jarraituko du Zestoan, zenbateko hori mantentzea erabaki baitu udalak. Erakundeak azaldu duenez, kiroldegi berria ireki ostean, hainbat izan dira kirol azpiegituraren gaineko tasetan egin dituzten egokitzapenak. "Hori dela eta, datorren urtera begira aldaketarik ez egitea erabaki dugu, eta indarrean dagoen zenbatekoa mantenduko dugu", adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak. 

Zerga arrunten %1,5eko igoeraz gain, beste erabaki bat ere hartu du Zestoako Udalak: hilerrietako zerbitzuaren gaineko zerga finkatzea. Arregik adierazi duenez, hori da "nobedaderik handiena". "Arrazoi desberdinak tarteko ordenantza hori jarri gabe egon da urteetan zehar. Zerbitzu horren gaineko tasa ezarri gabe zeukan herri bakarrenetakoa ginen, eta, beraz, hori erregulatzea erabaki dugu, hilerrietako tasak finkatuz". 

Ordenantza Fiskalen hasierako onespena ez ezik, beste hainbat gai ere jorratu dituzte urriko udalbatzarrean, hala nola Agitaxek 2022rako Urola Erdiko taxi zerbitzuei lotuta egin duen tarifen eguneraketa proposamena eta Arroa Goiko Area Matraka baserriari zegokion xehetasun-azterlanaren behin betiko onarpena. Guztiak onartu dituzte aho batez. 

Agintaldiaren erdian, errepasoa

Udalbatzarrerako gai-ordenaz aparte, Zestoako EAJko udal taldeak Udal Gobernuaren azken hilabeteetako lana eta alkatearen jarrera baloratzeko tartea hartu du, agintaldiaren erdia igaro dela probestuz. Garikoitz Mendizabal EAJren udal taldeko bozeramaileak adierazi du, jeltzaleei ez zaiela gustatu udaleko batzordeek izan duten bilakaera. "Oso batzorde gutxi" egin dituztela adierazi du Mendizabalek, eta Udal Gobernuak etorkizunera begira proiekturik ez duela iritzi dio. Era berean, EAJk esan du Udal Gobernuak hainbat auziri erantzuna ematerako orduan ez duela kontuan hartu herritarren eta bizilagunen iritzia, hala nola Gurutzearen ondoko komun publikoaren inguruan. Mikel Arregik, bere aldetik, azken agintaldian "inoiz baino batzorde eta batzar gehiago" egin dituztela erantzun dio Mendizabali. Era berean, azpimarratu du batzordeak "batzorde informatiboak" direla, eta horietan ez dela erabakirik hartzen. Halaber, "proikturik eza" leporatzearen aurrean, argi erantzun dio alkateak oposizioari: "Esango nuke perspektiba politiko argiarekin lanean ari den udala dela gaur egungoa, eta aipatzekoa da esku artean ditugun proiektuetako batzuk aitortza jaso dutela herritik kanpoko erakundeen partetik". 

Iritziak iritzi, bi aldeetako zinegotzien aburuak jarri dituzte mahaigainean, eta "positibotzat" ikusi dute eztabaida. "Kritikek balio dezatela hobetzeko", adierazi du Arregik. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide