Zestoak energiaren arloan burujabe izan nahi du, herrian kontsumitzen den argindarra herrian ekoitzi, eta horretarako, lehen urratsa egin du. Udalak eta Goiener energia kooperatibak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian udaletxean egindako ekitaldian. Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Santi Ochoa de Eribe Goienerreko zuzendari nagusiak parte hartu dute ekitaldi horretan, eta bien artean azaldu dituzte hitzarmenaren nondik norakoak ere.
Izan argindarraren prezioagatik, izan klima larrialdiagatik, energia eguneroko agendako gai bihurtu dela azaldu du Arregik, eta Zestoari ere, herri txikia izanagatik, bere ekarpena egitea dagokiola. «Ingurumen gaiekin sentsibilizatutako herri bat garen arren, orain arte ez dugu ildo horretako ekimenik abiatu, eta bada garaia. Udalak honek hainbat urrats egin nahi lituzke trantsizio ekologikoa deitutako bide horretan». Horregatik jo dute Goienerren atea, energia burujabetzaren arloan Euskal Herrian aintzindaria delako. «Herrira egokitutako estrategia bultzatu nahi du Zestoako Udalak, eta estrategia horren helburuak izango dira, batetik, ahalik eta energia gutxien kontsumitzea; eta bestetik, kontsumitzen dugun energi hori gure herrian ekoitzia izatea». Egun batetik bestera lortu ezin diren helburuak izangatik, martxan jar daitezkeen egitasmoak badirela iritzi dio alkateak, eta guztia «herrigintza ikuspegi batetik» egingo dutela aurreratu du, «herritarrak ere protagonista» izanda.
Goiener 2012an sortu zuten, hasiera baten energia berriztagarriei lotutako proiektuak garatzeko helburuarekin, baina Espainiako legedian topatu zituzten oztopoak tarteko, kontsumo kooperatiba sortzeko hautua egin zuten 2013an. Gaur egun proiektuak duen dimentsioa azaltzeko hainbat datu eman ditu Ochoa de Eribek: «Zortzi urteko ibilbidearen ostean, Hego Euskal Herrian 14.000 bazkide inguru ditugu, 18.000 argindar kontratutik gora kudeatzen ditugu, eta 2018az geroztik, energia berriztagarrien inguruko hainbat kontutan sartuta gaude». Besteak beste, azkenaldian hainbat herritan energia komunitateak sortzeari ekin diotela azaldu du kooperatibaren zuzendari nagusiak. Eta hain zuzen, horixe da Zestoan egin nahi dutena: energia komunitatea sortzea. Komunitate hori interesa duten herritar eta herriko eragile guztiek osatuko lukete, «zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobe», eta guztien artean erabakiko lituzteke energia burujabetza lortzeko bidean herrian zer egitasmo abiarazi.
Komunitatea sortzeak bederatzi eta hamabi hilabete arteko lanketa eskatuko diela aurreratu du Ochoa de Eribek. Lehen urratsa, eragileak identifikatu eta talde sustatzaile bat sortzea izango dela azaldu du, eta hori osatutakoan abiatuko dutela prozesua. «Talde horretan edukiak landuko ditugu, puntu bateraino, eta energia komunitatea izango denaren zirriborro bat idatzita daukagunean, deialdi ireki bat egingo dugu, herritar eta eragile orori egitasmoaren berri emateko». Izan ere, Goienerreko zuzendariaren hitzetan, «energia komunitate batek ez du zentzurik ez bada jendearekin egiten. Herritarrei ez diegu zerbait itxia eskaini nahi, baizik eta parte har dezaketela sentituko duten zerbait». Zentzu horretan, herritar eta eragile bakoitzak erabakiko du zenbateko parte hartzea izan nahi duen komunitatean.