Atzo, aprileko udalbatzarrean, eman zuen Udal Gobernuak Zestoako Udalaren 2020ko aurrekontuaren likidazioaren berri. COVID-19aren etorreraren urte berezia eta zaila egoera ekonomiko onarekin itxi du udalak, pandemiak eragindako krisi egoerari aurre egiteko hasierako asmoak egokitu eta hainbat proiektu atzeratu behar izan badituzte ere. Udalak aurreikusitako diru sarrerak "murriztu" egin ziren iaz, Mikel Arregi alkateak gogoratu zuenez; era berean, sarrera batzuk "behar berrietara" bideratu behar izan zituzten eta gauza bera egin zuten erabili ezinik gelditu ziren partida batzuekin, jaietara bideratutako aurrekontuarekin, esaterako.
"Udalaren egoera ekonomikoa ona da. Ez kriskitinak jotzekoa, baina bai egoera makur honi aurre egiteko giharra badagoela esateko modukoa", adierazi zuen alkateak iazko kontuen xehetasunak azaltzerakoan. Orain artekoan ez ezik, aurrerantzean ere pandemiaren eragin kaltegarriak antzematen joango direla garbi du Arregik, eta "horiei erantzuteko inportantea da egoera ona izatea", esan zuen atzo.
5.400.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz, azkenean, udalak. Aurrekontu horren betetze maila %93tik gorakoa izan zen, "oso ona, urtea kontuan hartuta", eta 2019koa baino puntu bat hobea ere bai, "gauzak ondo egin izanaren seinale", Arregiren hitzetan. "Handia" izan zen, halaber, diru-sarreren betetze maila: %94,7. Foru Aldundiak udalei bideratutako funtsaren murrizketak tarteko, aurreikusitakoa baino 400.000 euro gutxiago jaso zituen 2020an Zestoako Udalak.
Gerakinari dagokionez, 1.926.051 euroko poltsarekin itxi zuen iazko urtea udalak. Gerakin "ona", Arregiren iritziz. Hala ere, alkateak nabarmendu zuen "gastu handiko udala" dela Zestoakoa, azalera handia eta sakabanatutako auzo asko dituela kontuan hartuta. Bestetik, aurreko agintalditik datorren auzibide baten erabakiak udalaren egoera ekonomikoan izan dezakeen eragina ere aipatu zuen. Udalari demanda bat jarri zion herritar baten aldeko epaia emana du epaile batek, eta erabaki horri errekurtsoa jarri dio udalak, baina auzbidearen amaieran epaiak udalaren kontrakoa izaten jarraitzen badu, 500.000 euro ordaindu beharrean aurki daiteke udala.
Gerakinaren zati bat "beharrezko azpiegiturak" martxan jartzeko erabiltzea aztertzea eskatu zuen, bere aldetik, Garikoitz Mendizabal EAJren udal taldearen bozeramaileak, eta Kultur Etxearen proiektua aipatu zuen.
Lursail erosketak
2021eko aurrekontuaren lehen aldaketak ere onartu zituzten, aho batez, atzoko plenoan. Hain zuzen ere, gerakinaren 165.000 euro erabiliko ditu udalak aldaketa horiek gauzatzeko. Aurrekontuan hasieran aurreikusi gabeko partida batzuk sortu dituzte, batetik, eta lehendik aurreikusita zeuden beste partida batzuk indartuko dituzte, bestetik.
Helburu desberdinetarako hainbat lursailen erosketa bultzatuko du udalak urteko lehen aurrekontu aldaketarekin. Alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko proiektua lantzen ari da udala Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietatearekin. Proiektu hori bultzatzeko, lurrak erosiko ditu udalak Idiazpi mendebaldean, gero Visesak etxeak han eraiki ditzan; 50.000 euroko partida berria onartu zuten atzo horretarako. Bestetik, Bizkaiko hainbat udalerritan hasitako bidea jarraituz, baso publikoak sustatzen hasi nahi du Zestoako Udalak, gaitzak jotako pinuen tokia hartzen ari den eukaliptoaren zabalkundeari aurre egiteko, besteak beste. Partida berria onartu dute horretarako, 15:000 eurokoa. "Behar bezalako baso politika egiteko, ahalik eta lur gehienak jabetza publikora pasatzea da irtenbide eraginkorrena" Udal Gobernuarentzat, alkateak zehaztu zuenez. Hirugarren lur erosketa hilerri ondoan egingo du udalak; horretarako 30.000 euro aurreikusita zituen dagoeneko aurtengo aurrekontuan, eta orain beste 5.000 euro gehitu dizkiote proiektuari. Auzokonpostarentzat gune zentralizatua jarri nahi dute hilerri ondoko lurretan, 1.600 metro koadroko sailean. Kontu honek eztabaida luzea ekarri zuen atzo; proiektu horren gaineko informazio zehatzik ez zutela argudiatu zuten EAJren zinegotziek, eta informazio batzordeetan esku artean duten informazio osoa helarazi zaiela erantzun zieten Udal Gobernuko kideek.
Gerakinaren 165.000 euroen beste zati potolo bat, 50.000 eurokoa, bideratuko dute udal biltegiak bateratzeko pabilioi bat erostera. Estazio inguruan erosiko du pabilioi bat udalak, gaur egun herrian zehar sakabanatuta dituen biltegiak eta lokalak ordezkatzeko. Gainera, asfalto lanen aurrekontua indartuko dute beste 11.500 euro gehituta; 6.800 euro jarriko dituzte bide berdearen Arroako zatia eraikitzeko; eta beste 5.600 euro, hondakinen kudeaketa sistema aldatzeko.