Urola Kostako Hitzarekin zeukan hitzarmena aurrerantzean UKTrekin izango du Zestoako Udalak

Aitziber Arzallus 2021eko urtarrilaren 29a

Hitzarmenaren baldintzek lehengo berak izaten jarraituko dute; soilik hedabidearen izena da aldatuko dena. Udal Gobernuaren proposamena aho batez onartu zuten atzo, urtarrileko ohiko udalbatzarrean.

Urtarrileko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo Zestoako udal ordezkariek, modu telematikoan, Mikel Arregi alkatea eta haren idazkaria udaletxeko pleno aretoan eta gainontzeko zinegotziak beren etxeetan zirela. Horrela egitea erabaki zuten, Zestoako egoera epidemiologikoa ez delako ona, eta jorratu behar zituzten gaiek ahalbidetzen zutelako.

Alde batetik, Zestoako Udalak Urola Kostako Hitzarekin daukan hitzarmena izan zuten hizpide. Hitzarmen horren baldintzetan sartu gabe, aurrerantzean hitzarmen hori Urolako Komunikazio Taldearekin izatea proposatu zuen Udal Gobernuak. Aldatuko, eta proposamen aho batez onartu zuten guztiek. Aldatuko den bakarra hedabidearen izena izango da: hitzarmena UTKrekin izango duela, Urola Kostako Hitzarekin beharrean. Udalak hedabide taldeari emango dion diru laguntza orain arte adinakoa izango da.

Bestetik, Eudelen gomendioari jarraiki, udal langileen soldatak %0,9 igotzeko proposamena aztertu zuten atzoko udalbatzarrean, eta hori ere aho batez onartu zuten.

Horrez gain, Mikel Arregi alkateak aukera baliatu zuen gainontzeko udal ordezkariei herriko egoera epidemiologikoaren berri emateko, azken hamar egunotan positibo berrien kopuruak hazkunde nabarmena izan baitu Zestoan. Egoerari daukan larritasuna kendu gabe, baina nabarmendu zuen "nahiko lokalizaztutako" kasuak izan direla gehienak, "auzoetan eta familia giroan" izan direla kutsatzeak. Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketekin eta Zestoako Udalak hartu dituen aparteko neurriekin egoerari buelta emateko moduan izango direla uste Arregik.

Amaitzeko, Garikoitz Mendizabal EAJko zinegotziak gaur arratsalderako Sarek deitu duen elkarretaratzeaz galdetu zion alkateari. "Aldarrikapenarekin erabat ados egonda ere", herriko egoera kontuan izanda egokiena ekimena bertan behera uztea izango litzatekeela iradoki zuen hark, eta alkateari galdetu zion ez ote dagoen ezer egiterik. Arregik erantzun zion Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak baimendutako elkarretaratzea dela, eta hor udalak ez daukala ezer egiterik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide