Ontzi arinak biltzeko sistema aldatzea erabaki du Zestoako Udalak

Aitziber Arzallus 2020ko azaroaren 28a

Plastikozko ontzi arinak kubo bidez biltzen zituzten orain arte, baina bilketa sistema aldatzea erabaki du Zestoako Udalak; aurrerantzean, edukiontzi bidez bilduko dituzte. Udal Gobernuak proposamen hori egin zuen herenegun, azaroko udalbatzarrean, eta aho batez hartu zuten erabakia.

Herengun, osteguna, azaroko udalbatzarra egin zuen Zestoako Udalak, eta aho batez onartu zuten ontzi arinak biltzeko sisteman aldaketak egiteko Udal Gobernuaren proposamena. Orain arte, ontzi arinak biltzeko kubo bidezko sistema erabiltzen zuten Zestoan; aurrerantzean, ordea, kaleko edukiontzi horietan jasoko dituzte.

Mikel Arregi alkatearen arabera, pilatzen den plastiko kopuru handiak bultzatu ditu erabaki hori hartzera. Bilketa astean behin egitea nahikoa ez zela eta, erabaki zuten astean bitan egitea hastea. Horrek, baina, garraio gastuak bikoiztu egin dituela azaldu du, eta horri gehitu behar zaiola hondakinak biltzen dituzten kamioien joan-etorriek ingrumenen eragiten duten.

Bilketa egiteko zenbait sistema aztertu ostean, eredutzat Aizarnazabalgoa hartzea erabaki dute, alegia, kubo sistemari eustea, baina ontzi arinak edukiontzi bidez biltzea. Aizarnazabalen ere horrela egiten dutenez, kamioiak lehengo ibilbide bera egin beharko du, baina bidai berean bi herrietako hondakinak jasoko ditu, eta horrek zerbitzuaren kostua jaitsi egingo du.

Hondakinen gaiaz gain, aurrekontuez ere hitz egin zuten osteguneko udalbatzarrean, eta 2020ko aurrekontuaren bigarren aldaketa egitea onartu zuten. COVID-19aren ondorioz, urtearen hasieran aurreikusitako ezer ez da joan pentsatutako moduan, eta udal aurrekontuetan ere izan dira gorabeherak. Aldundiko foru funtsetik udalek jasotzen duten dirua %17 murriztu izana, aurreikusi gabeko gastuei erantzun beharra eta aurreikusitako gastu batzuk gauzatu ezin izanak eragin dituzte gorabehera horiek. Aurrekontuak doitzeko egindako aldaketak ontzat jo zituzten udalbatzarra osatzen duten kide guztiek.

Zestoako Udalaren eta OinHerri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteren arten lankidetza hitzarmena egiteko aukera ere aztertu zuten, eta baiezkoa erabaki zuten.

Bukatzeko, bi mozio eskaera izan zituzten aztergai: Zestoako Wadna taldearena bata eta Malen Etxearena bestea. Biak ontzat eman zituzten. Wadnaren adierazpenak Saharako herriari elkartasuna eta babesa adieraztea zituen helburu; Malen Etxearenak, berriz, zaintzan aritzen diren emakumeen egoera salatzea, eta erakundeak bultzatzea egoera hori konponbidean jartzeko urratsak egitera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide