Tasak eta zergak izoztuko ditu Zestoako Udalak, eta kiroldegiko ordenantza eguneratuko du

Mailo Oiarzabal 2020ko urriaren 16a

COVID-19aren krisiaren eragina kontuan hartuta hartu dute ordenantza fiskalen gaineko erabakia, aho batez. Kiroldegian ere hainbat hobari berri ezarriko dituzte, 12 urtera jaitsi dute bazkide egiteko adina, eta kuotan %25eko deskontua izango dute bazkideek, konfinamenduan itxita egon zen hilabeteen trukean.

Udal tasak eta zergak bere horretan mantenduko dituzte Zestoan 2021ean. Horiek izoztea erabaki zuten, aho batez, atzoko udalbatzarrean, eta erabakiaren oinarrian dago COVID-19aren krisia; izan ere, koronabirusak ekarri duen egoeraren ondorio kaltegarriak bestela ere herritarrek ordainduko dituztela kontuan hartuta erabaki dute udal tasak eta zergak ez igotzea, Mikel Arregi alkateak bilkuran azaldu zuenez.

Aldaketa aipagarriak izango dituen ordenantza bakarra kiroldegiarena da. Azaroaren 4an beteko da urtebete kiroldegi berritua ireki zutenetik. Tarte honetako ibilia ikusita eta bazkideen kopurua eta profilak finkatuta, orain urtebete ezarritako ordenantza "eguneratzea" erabaki du udalak. Eguneraketa horretan, besteak beste, hobariak berrikusi dituzte, eta erabaki dute horiek "egoera zaurgarrienean" dauden sektoreetara zabaltzea.

Bazkideen gutxieneko adina ere aldatu egin dute. Orain arte, 16 urtetik gorakoek zuten bazkidetza egiteko aukera. Adin muga jaitsi egingo da aurrerantzean, eta 12 urtetik aurrerakoek izango dute kiroldegiko bazkide izateko aukera Zestoan. Hala ere,ordaindu beharreko kuota desberdina izango: 12 eta 16 urte artekoek zenbateko bat ordainduko dute, eta 16 urtetik gorakoek beste bat, garestiagoa. Gimnasioaren erabilera mugatuta izango dute, izan ere, 12 eta 16 urte arteko bazkideek; zenbait jarduera —pisuak altxatzea, esaterako— ezingo dituzte egin, jarduera horiek adin horretakoen garapen fisikoan kalteak eragin ditzakeela ulertuta.

Kiroldegiaren ordenantza berrian jaso dute, era berean, bazkide ez diren kirolari federatuek ere ordaindu egin beharko dutela udal kirol instalazioak erabili ahal izateko. "Hobaridun tasa bat" izango dela azaldu zuen Arregik, eta nabarmendu zuen herriko kirolari federatu "gehienak dagoeneko bazkide" direla.

%25eko deskontua edo hobaria, konfinamendua konpentsatzeko

 Udaberriko konfinamendu garaian itxita egon zen kiroldegia, eta hilabete horietan instalazioak erabiltzeko aukerarik ez zuten izan urteko abonoa ordainduta zuten bazkideek.

Hori konpentsatzeko neurriak ere jaso dituzte ordenantza berrian. Batetik, 2021erako bazkidetza berritzen dutenei hobaria aplikatuko diete; bestetik, 2020an bazkide izan diren baina datorren urterako bazkidetza berrituko ez dutenei, dirua itzuliko diete. Bi kasuetan, bazkide kuotaren %25ekoa izango da deskontua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide