Zestoako Udalak hamabi lanpostu aterako ditu lehiaketa publikora

Mailo Oiarzabal 2020ko urriaren 12a

Administrari laguntzaile lanposturakoa eta etxez etxeko laguntzari dagozkion hiru lanpostuetarako izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. "Agintaldian zehar" aterako dituzte lehiaketara lan eskaintza osatzeko gelditzen diren beste zortzi lanpostuak.

Udal agintaldi honetan hamabi lanpostu lehiaketa publikora aterako dituela iragarri du Zestoako Udalak. "Udaleko lanpostu publiko asko behin-behinean egoteak herritarren aukera berdintasuna eta konkurrentzia askea urratzen dituela ikusirik, bere garaian udalak lan eskaintza publikorako proposamena onartu" zuela azaldu du udalak, eta proposamen hori oinarri hartuta jarriko dituzte martxan lanpostuak finkotzeko lehiaketa publikoak.

Lehiaketa horietatik hiru administrari laguntzaile lanpostu bat eta etxez etxeko laguntzari dagozkion beste hiru betetzeko dagoeneko martxan jarri ditu udalak eta horietan izena emateko epea irekita dago. "Agintaldian zehar" irekiko dituzte lan eskaintza osatuko duten beste zortzi lanpostuetarako lehiaketak. Hauek dira lanpostuak:

  • Administraria (dedikazio osoan).
  • Udaltzaina (dedikazio osoan).
  • Ingurumen teknikaria (%65eko dedikazioan).
  • Eginkizun anitzeko ofiziala (dedikazio osoan).
  • Eginkizun anitzeko langilea (hiru lanpostu, dedikazio osoan).
  • Garbitzailea (dedikazio osoan).

"Behin lehiaketa publikoa amaituta, enplegu publikoa bere osotasunean egonkortuta uztea" da Zestoako Udalaren helburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide