https://vimeo.com/404271588
Gaur zortzi bezala, Mikel Arregi Zestoako alkateak herritarrei zuzendutako mezua zabaldu du bideo bidez. Aurreko astekoan ez bezala, gaurkoan asteak ekarri duen "berri nagusia" hizpide izan du Arregik: Zestoan aste honetan agertu dira COVID-19 gaitzaren baieztatutako lehen kasuak; gaur arte, hiru dira guztira.
Hiru kasu horietako bat "ospitalizazio batetik alta emanda bilakaera onean" dagoela argitu du alkateak, eta gaineratu du kasu horiek ez direla izan "bat-batekoak", baizik eta "berrogeialdiaren ondorioz ateratakoak"; alegia, berrogeialdiaren aurretik kutsatu zirela eman du aditzera alkateak. Beste herritar batzuk ere badirela berrogeialdian azaldu du, eta herrian egindako beste test batzuek negatibo eman dutela ere bai.
Udalaren helburua "COVID-19aren kutsatze-katea erabat etetea" dela berretsi du Arregik, eta horretarako herrian indarrean jarritako neurriak ekarri ditu gogora, udalak berak hartu dituenak azalduz: kaleen eta gune publikoen desinfekzio lanak, eta gaixo edota berrogeialdian daudenen hondakinen bilketari dagokiona. Azken horrekin lotuta, "eskerrak eman" dizkie Urola Erdiko Mankomunitateari eta herriko osasun zentroko langileei. Konfinamendu egunotan bolumen handiko hondakinekin izaten ari diren gorabehera batzuk ere aipatu ditu alkateak, eta "mesedez" eskatu die herritarrei horrelako hondakinak ez ateratzea.
Ezohiko egoera honetan adineko herritarrei laguntzeko udala, Bargaztak eta 3Z taldeak egiten ari diren elkarlaneko egitasmoaz ere hitz egin du Arregik bideoan, baita San Juan egoitzan hartutako erabakiaz ere. Aipatutako taldeetako kideak zein egoitzako langileak eskertu eta "eredugarriak" direla esan du.
Maiatzaren lehen egunetan ospatzen diren Santa Kutz festekin eta danborradekin zer pasatuko den hizpide dute egunotan Zestoan, eta horretaz ere mintzo da Arregi bideoan. Hain zuzen ere, konfinamendua apirilaren 26raino luzatuta eta gehiago luzatzeko aukera mahai gainean dela, santakutzak bertan behera geldituko direla jakinarazi du alkateak. "Bistan da ez gaudela festak ospatzeko baldintzetan", dio. Udala eragileekin harremanetan dagoela azaldu du, alternatibak aztertzeko. Endoiako festak ere ezingo direla ospatu aurreratu du, eta kolokan dagoela ekainaren 14an Aizarnan ospatzekoa den eskola txikien aurtengo festa.