Amaiur Aristi eta Nerea Odriozola.
Herriko emakumeak erdigunean jarrita, bi bisita-solasaldi gidatu egingo dituzte datozen bi asteburuetan Zestoan. Amaiur Aristik (Zestoa, 1991) eta Nerea Odriozolak (Zestoa, 1989) gidatuko dituzte saioak, eta emakumeek Zestoaren historian izan duten rolaz hausnartu ahal izango dute herritarrek horietan.
Emakumeek Zestoan izan duten rolaz ariko zarete bisitetan. Zertaz hitz egingo duzue zehazki?
Bisita-solasaldiaren helburua da emakumea protagonista izan den hainbat lekutatik ibilbidetxo bat egitea eta denon artean emakumeak gure herriaren historian izan duen paperaz hausnartzea.
Herriko hainbat gunetatik igaroko zarete bisitan, eta hainbat azalpen emango duzue toki horietan. Zergatik aukeratu dituzue leku horiek?
Lauiturrieta garbilekuan bukatuko dugu ibilbidea; izan ere, XIX. mendetik ura etxeetara iritsi arte, herriko emakume askoren lantoki eta bilgune izan zen gune hori. Gainerako lekuak erabili ditugun informazio iturriengatik aukeratu ditugu. Ibilbidea osatzerakoan, besteak beste, Joan Jose Saezmiera Maixuak, Pio Barojak eta Jose Martinez Ruiz Azorinek hainbat liburutan Zestoako emakumeei egindako erreferentziak izan ditugu kontuan.
Emakumeek zer rol izan dute Zestoan?
Historikoki Zestoako emakumeek izan duten rola inguruko herrietakoek izan dutenaren antzekoa da. Zestoan ere, emakumeek espazio pribatuan hartu zituzten rolak batez ere; emakumeek egindako lana ezkutukoa izan da historikoki. Baina lana egin dute, ikaragarri gainera, edozein gizonek adina edo gehiago askotan. Dena den, XX. mendeko 20ko hamarkadan hasita, Zestoak izan zuen beste herriek ez zuten berezitasun bat: turismoa. Sektore horren garapena medio, emakume gehiago sartu zen lan munduan, hotelen denboraldiak irauten zuen hilabeteetan. Zestoan baziren hotelen jabe ziren emakumeak, eta zer esanik ez, langileak. Herriko denda askotan ere emakumeak ziren saltzaileak sasoi haietan. Dena den, ez genuke errealitate hura idealizatu nahi: ezkutukoak diren eta gizarteak gutxi baloratzen dituen eta zituen lanak emakumek egiten zituzten eta dituzte. Gero, beste herrietan bezala, bizitzako hainbat arlotan hasi ziren nabarmentzen emakumeak, hala nola irakaskuntzan, kultur arloan...
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu dituzte bi bisitak, jardunaldien gaia Ondarea, Emakumeen Emaria izanik. Oro har, zer isla dute emakumeek ondarean?
Emakumeek ondarean izan duten isla aztertu baino, herriko emakumeen lanari aitortza egin nahi izan diogu, Zestoako hainbat txoko eta leku aitzakiatzat hartuta. Ibilbidearen helburuetako bat da emakumeen ezkutuko lan hori azaleratzea. Guk giltzarri batzuk proposatuko ditugu, eta nahi duguna da bisitan parte hartzen duten herritar guztien artean gaiaren inguruko argazki ahalik eta osoena osatzea. Era guztietako ekarpenak jaso nahi genituzke saioetan: bizipen pertsonalak, entzundakoak...
Bisita gidaturik eskaini al duzue inoiz aurretik?
Ez, lehenengo aldia izango da. Zestoako bisita turistikoak Vicente Davilak gidatu ohi ditu, baina oraingo saioetan emakumeen guneez hitz egin behar zenez, egokiago ikusi zen herriko emakumeren batek gidatzea. Proposamena egin ziguten, eta biok animatu gara. Vicente Davila historialariak eta Fernando Arzallus kultur teknikari eta historialariak gaia bideratzen lagundu digute une oro. Nabarmendu nahi dugu ez dela ohiko bisita gidatu bat izango; saioa bisitara datozen herritarren eta gidarion arteko solasaldia izatea nahi genuke. Alegia, denon artean osatuko dugu kontakizuna.
Egingo dituzuen bi bisita-solasaldietatik zer azpimarratuko zenukete?
Emakumeok izango dugu egitasmoaren protagonismoa, oraingo eta lehengo emakumeok. Hori bera azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu, gure gizartean ez baita ohikoa. Historia modu orokorrean aztertzen denean, emakumea ia beti ezkutuan gelditzen da. Eta hori gertatzen da historia ia beti gizonezkoek idazten dutelako. Ditugun informazio iturri gehienek ere gizonezkoen ahotsa dute, eta gu horri buelta bat ematen saiatuko gara bisitetan, herritarren laguntzarekin. Hori guztia dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeak erdigunean jarri eta horrelako egitasmoak antolatzea, ezezagunak zaizkigun ezagutzak eta historiak azaleratzen direlako modu horretan.