Gorka Alberdi: "Urola ibaira hondakin pila bat botatzen dugu; ez dugu kontzientziarik"

Urola Kostako Hitza 2018ko urr. 5a, 10:20

Urola ibaiko urak ez doazela garbi salatu du Gorka Alberdik, Eguzki talde ekologistaren izenean. Azkoitian, ibaiaren kilometro bat aztertzen aritu da azkenaldian, eta ohartu da "hondakin ugari" botatzen dituela jendeak egunero ibaira. "Konturatu naiz sekulako plastiko jarioa daukagula, zabor poltsak ere botatzen dituzte leihotik... Kaka pila bat dago ibaian". Haren arabera, zabor horiek egunerokotasunean ez dira ikusten, ibaiko urek eramaten dituztelako. Dena den, azken bizpahiru hilabeteetan ur gutxi eraman du ibaiak, eta hondakin horiek ikusgai gelditu dira. "Argazki ugari atera ditut, eta hor agertzen dira hondakinak. Denetarik ikusi dut: ozpin poteak, tetrabrikak, ardo botilak, zabor poltsak...". Alberdiren arabera, hondakinak "kiloka" isurtzen dituzte herritarrek Urola ibaira. "Oso barneratuta daukagu hori normala dela. Gero, urtean behin-edo garbiketa bat egiten dugu, eta kito. Hori oso arriskutsua da; izan ere, hondakin horiek gero ikusten ez ditugun arren, itsasora joaten dira". Eskaerak udalei Alberdik argi du gizarteak "arazoa" duela ibaiekin nahiz ingurumenarekin. Horregatik, Zestoako eta Azkoitiko udaletara jo du; bera azkoitiarra da, baina Zestoan bizi da, eta bi herri horiekin duela harremana azaldu du. Eskaera bana aurkeztu du udaletara, eta udal ordezkariekin harremanetan dago egun. "Ni kezkatuta nago, baina ez daukat botererik gertatzen ari dena aldatzeko. Udalak baditu eskumenak, eta horregatik jo dut haiengana. Ea zer gertatzen den". Arazoari irtenbidea emateko, garrantzitsuena heziketa da Alberdirentzat. "Barneratu behar dugu plastiko horiek petrolioz eginda daudela, eta kutsadura sortzen dutela". Jendearengan kontzientzia sortzeko, udalek zenbait neurri har ditzaketela uste du: "Batetik, ondo etorriko litzateke barandaren ondoan saretxo bat ipintzea, ikusten delako hortik datozela hondakinak". Bestetik, uste du eskutitz bat ­bidali beharko luketela herriko etxe guztietara: "Herritarrek eskutitz bat jasotzen badute esanez ordenantza bat dagoela zaborrak ibaira botatzea debekatzen duena eta udala gai horren gainean dagoela, aldatu egingo da jendearen jokabidea. Izan ere, gaur egun zaborrak botatzen dituzte, eta ez da ezer gertatzen". Horrez gain, Udaltzaingoak ere neurri batzuk har ditzakeela uste du: "Horiek egin behar dutena da nik orain arte egin dudana: egunero-egunero begiratu ibaian zer gertatzen den, zelatan egon, eta zabor poltsa bat ikusitakoan, atera eta ikertu barruan zer dagoen. Herritarrek ikusten baldin badute udaltzainak egunero begiratzen ari direla, konturatuko dira gainean daudela". Alberdiren esanetan, urtean behin ibaia garbitzera joateak esan nahi du gizarteak "onartu" egiten duela ibaira zaborra bota daitekeela. "Urola ibaira hondakin pila bat botatzen dugu; ez dugu kontzientziarik. Ez gaituzte hezi ‘hori ezin da egin’ esanez. Eta azken 10-20 urteetan zenbat mila kilo hondakin joan dira ibaira? Aztertu eta gainditu beharreko gai bat da hau. Ez dugu ipintzen arreta ibaian, eta ibaiak eskubide batzuk ditu". Argazkiak: Gorka Alberdi

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide